Iritzia. Yurre Ugarte. Kirola paduran.

Plaiaundin pausatzea otu zitzaion hontz bitxi bati, Zingira Hontza (Asio flammeus) delakoari, joan den hilabetearen lehenengo egunean. Dozena bat kurrilo arrunt (Grus grus) Plaiundiko padurara egokitu ziren egun berean gertatu zen Zingira Hontzaren bisita; hain justu, Afrikatik zetorren Miru Beltz (Milvus migrans) batek geldialdia bertan egin zuen egun berean. Hegazti hauen guztien hegaldiak egin zuen topo haur, gazte eta heldu ugariren korrikaldi, lasterraldi eta orotariko atletismo entrenamendurekin, padura berean kokaturiko kirol-instalazioak direla medio, baiki.
Seguruenik, gizaki-hegazti uztarketa honek bereizten du Plaiaundiko Parke Ekologikoa Europan dauden gainerako parkeetatik. Parke naturalaren eta kirol instalazioaren halabeharrezko elkarbizitza honek, gizaki irundarrek beren buruei ez ezik hegaztiei ere inposaturikoak, bere horretan dirau urteak joan eta urteak etorri, Txingudi Babesteko eta Ordenatzeko Plana onartu zenetik hogei urte luze joan diren arren. Hogei urte Europako erakundeek Plaiaundi ZEC (Kontserbazio zona berezia) eta ZEPA (hegaztientzako babesgune berezia) izendatu zuenetik; hogei urte haur, gazte eta heldu irundarrak atletismo entrenamendu eta lasterketak Parke Ekologikoan egiten; hogei urte irundarrontzat Irunen atletismo kirol instalazio egokirik gabe; hogei urte hegaztiak uxatzen; hogei urte paduraren ekosistema oztopatzen. Hogei urtekoa, udaletxeko arduradunen utzikeria. Ez du honek esan nahi gizakiok lehenagotik ez dugula ekosistemarik bortxatu eta izorratu, noski; bazterrotako urbanismoari begiratu besterik ez zaio egin behar. Tira, Europako Erakundeek ZEC eta ZEPA izendaturiko zonak egokitzeko epea lau urte barru amaitzen da. Beraz, azken txanpan kokatua dago Irungo Udala kirol instalazioak Plaiaunditik ateratzen ahalegintzeko. Atletismorako (besteak beste) eremu aproposa aukeratu (behingoagatik interes ekonomikoak ahaztuko balituzte eskertuko genuke) eta eraiki egin behar da. Epearen barruan gauzatu ezean, isunak baitatozkio udalari. Era berean, atletismorako instalaziorik gabe gera daiteke Irun, epe horretatik aurrera Plaiaundiko instalazioak desagerrarazi beharko direlako. Hemengo atletek beste herrietako kirol instalazioetara hegan egin beharko dute. Eta agian, isunak ordainaraziko dizkiete paduran dabiltzan Kurrilo Arruntei, Afrikatik datorren Miru Beltzari eta Zingirako Hontzari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude