Igor, Iban eta Ander Iraola anaiek skate taulak ekoizteari ekin zioten duela 10 urte pasatxo. Gaur egun HLC Distributionek 50 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak.
Irun Ekintzan lehiaketan, Kontsolidatutako Enpresa Berritzailearen saria irabazi zuen.
Betidanik izan dute zurarekin eta ekintzaletasunarekin hartu-emana. Bi elementu horiek ongi uztar-tzen zituen familiak Irungo Iraola Ateak enpresan. Belaunaldi berriak, ordea, negozioa beste erpin batetik begiratu eta gurpilak jarri zizkion. Europan beste inork egiten ez zuena abian jarri zuten: skateak. Lanari lotu eta handik gutxira iritsi zitzaien bultzada erabakigarria: mundu mailako skate taulen fabrikazio sarietan bigarren sailkatu ziren. Halaxe, JART marka munduaren konkistaren bidetik abiatu zen.
Gaur HLCren Katea auzoko fabrikan 30 langilek dihardute skatearen alorreko gaiak ekoizten. Baina bere jardueraren ondorio ekonomikoak Irundik harago zabaldu dira, produktutak 50 herrialdetan sal-tzen direnez sare komertziala ere beharrezkoa delako.
Longboard, berrikuntza
Irunen taulak ekoizten dituzte eta, gurpilak estanpatu ondoren, muntaketa egiten da. Etengabeko berrikuntzarako sena eskatzen duen skatearen mundu honetan, orain hilabete batzuk HLCk Long Island marka merkaturatu zuen, longboard motako tauletan espezializatuta. Moda-modako taula hauek ohikoak baino luzeagoak dira, goi-mailako kalitatekoak, ekoizteko materialen artean karbono zuntza ere daramatenak.
Berritu, berritu eta berritu
Iraola anaiek puntako emaitzak lortu dituzte. Negozio guztietan legez, ordea, zailena mantentzea izaten da. Alor guztietan etengabe berritzea da sekreturik behinena. Kaskoak, hasiberrientzako taulak, diseinu berezia… hamaika bide jorratzen dituzte egunero, etenik gabe eta ilusio nahiz grina dosi dezente handiz.