Irungo Udaltzaingoak baliabide gehiago izango ditu eskura bere zereginetarako

Ostegun honetan, Irungo Udaleko ordezkari Cristina Labordak Udaltzaingoak bere agenteen lanerako eskuratu dituen giza baliabideen zein baliabide teknikoen berri eman du.

“Udal talde guztiek iaz sinatutako ituna mugarria izan zen segurtasun eta bizikidetza gaietan denok batera lan egiteko. Hainbat neurri hartzen ditu barnean, hala nola Udaltzaingoa baliabide gehiagoz hornitzea, eta batzuk hartzen hasiak gara jada. Bada, azken asteetan, aurrerapauso handiak eman ditugu, alor horretan aurrera egiteko gure konpromisoa betetzeko”, adierazi du Cristina Labordak.

Lehenik, udal ordezkariak jakinarazi duenez, hogei kamera berri jarri dira martxan hirian, partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan egindako eskari bati erantzunez, lehendik zeudenak ordezkatzeko zein hirian barrena kamera gehiago izateko, hala nola Karrika Nagusian eta Artalekun, Santiago inguruko merkataritza gunean, Juan Aranan, Euskal Herria hiribidean, Zabaltza eta Cipriano Larrañaga inguruan eta Pio XII.a plazan. Aurrekontua 200.000 euro izan da.

Bigarrenik, aste honetan, Tokiko Gobernu Batzarrak SONEX TVCC SAN SEBASTIÁN SL enpresarekin unitate gehiago hornitu eta instalatzeko sinatutako kontratua aldatzea onartu du. Aldaketaren aurrekontua 40.000 euro da, eta helburua, Luis Mariano eta Artaleku elkartzen diren inguruan, Junkal plazatxoan, Behobian eta San Martzial karrikaren eta San Juan plazaren artean (eta agian beste lekuren batean) dozena erdi kamera gehiago jartzea.

Kamera berriei esker, zaintza areagotu ahalko da, eta agenteek tresna gehiago eta hobeak izango dituzte eguneroko lanean. Era berean, bide publikoan jazotzen diren intzidentziak argitzen lagunduko dute kamerek, baita hirian antolatzen diren ekitaldi eta jardueren jarraipena hobetzen ere.

Hirugarrenik, bitarteko hamahiru agente berri sartu dira Udaltzaingoaren plantillan, askotariko ordezkapen lanak egiteko, eta, horri esker, praktikan, jardunean dauden agenteen kopurua bat dator Udaleko lanpostu zerrendak Udaltzaingorako xedatzen duen plantillarekin. Gainera, Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Itunaren esparruan, zazpi udaltzain plaza finkatu dira, datozen hilabeteetan beteko direnak, eta, urteko lehenengo seihilekotik, dozena bat agente laguntzailek polizia lanak egiten laguntzen dute. Udal ordezkariak Udaltzaingoaren giza baliabideak ahal den neurrian handitzeko ahalegin eta interesaren barruan kokatu ditu neurri horiek.

Azkenik, Udaltzaingoaren ibilgailu parkean ere egin da berrikuntzarik. Hain zuzen ere, duela hilabete batzuk, hiru patruila ibilgailu hibrido estreinatu ziren, eta, orain, atestatu furgoneta berri bat eskuratu da: ibilgailu berri-berri bat, % 100 elektrikoa. Kamerak bezala, furgonetak ere partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan egindako eskari bati erantzuten dio.

Furgoneta berriak neurrirako altzari eta argiak ditu, dagokion errotulua, ordenagailu eramangarri bat, alkohol tasa neurtzeko tresnak… Gainera, baditu atestatu ibilgailuetan ohikoak diren materialak ere, hala nola konoak, seinaleak eta zizaila bat.

Ibilgailu berria trafiko kanpaina prebentiboak egiteko erabiliko da, trafiko istripuetan laguntzeko, alkohol eta droga probak egiteko, eta bideko segurtasunaren kontrako delituetan esku hartzeko, eta aipatzekoa da bulego ibiltari mugikor baten modukoa ere izango dela; izan ere, darabilen teknologiari esker, atestatuak polizia etxetik kanpo egiteko aukera emango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude