Irungo mugimendu feministak, erakundeek eta hainbat elkarteek bat egin dute gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko antolatutako egitarauan. Eguerdiko 13:15ean egin dute jardunaldiko hitzordu nagusia: Berdintasun Batzordeak eta Emakumeen Etxea Elkarteak deituta —Emakumeen Etxea elkarrekin kudeatzeko hitzarmenaren esparruan—, elkarretaratzea eta kantu feminista egin dituzte San Juan plazan.
Goizeko mobilizazioaren ostean, aldarrikapenak eta hausnarketak hiriko auzoetara zabalduko dira arratsaldean zehar. Irungo Udalak antolatuta, bi zinema-proiekzio izango dira adinekoentzako lokaletan: 16:30ean Romper el círculo filma emango dute Belaskoene auzoko lokalean, eta 17:00etan, berriz, Las buenas compañías pelikula ikusi ahal izango da Kateako lokalean. Ordu berean, 17:00etan, Argoiak taldeak Asun Casasola lehiaketako ipuin laburren irakurketa dramatizatuak eskainiko ditu Uztapide Bertsolaria kaleko 6. zenbakian, Patxi Pérezek zuzenduta eta Parean zein Txingudiko Elkarte Feminista elkarteekin elkarlanean. Jardunaldiko azken hitzordua 18:00etan izango da Iraso zentro sozialean, Udalak antolatutako irakurketa eta eztabaida saioarekin.
M8 Asanblada Feminista Bidasoak berriz “Faxismoaren aurrean, feminismoa” lelopean, kalera ateratzeko deia egin du elkarretaratzea eta performancea antolatuz. Badiako hiru herrietan egingo den performancea antolatu dute horretarako: 17:00etan Hendaiako tren geltokiaren aurrean, 18:00etan Hondarribiko M8 plazan eta 19:00etan Irungo Luis Marianoko lorategietan. Emakumeen eskubideak defendatu, indarkeria matxista salatu eta faxismoaren aurrean feminismoa aldarrikatzeko egingo dute.
Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketa
Bestalde, gaurko egunarekin bat eginez, Parean Elkarteak martxan jarri du Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketaren XII. edizioa. Lanak aurkezteko epea gaur bertan, azaroaren 25ean, ireki da, eta 2027ko otsailaren 8ra arte egongo da zabalik asuncasasolaipuinak.eus webgunearen bidez. Beti bezala, bi kategoria izango ditu sariketak: 10 urtetik 16 urtera bitarteko gazteena eta 16 urtetik gorako helduena, bai euskaraz bai gaztelaniaz.
Hemen ikusgai duzu gaurko ekitaldien bideoa.





