Bidasoa Ospitaleko Pediatria Larrialdiak elkarteak zerbitzuak berrirekitzeko beharra azpimarratu du

Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak Udalari irmotasunez jarduteko eskatu dio, Ospitaleko Pediatria Larrialdiak berehala berriz irekitzeko. Elkarteak 2025eko abenduaren 19an aurreikusitako osoko bilkuran mozio bat erregistratu du eskualdeko Ospitaleko Pediatria Larrialdiak berriz irekitzeko. Izan ere, elkartetik salatzen dute azkenaldian ez delako inolako aurrerapausorik izan zerbitzua berriro irekitzea ahalbidetuko duenik.

Hilabeteetan zehar, elkarteak eskualdeko egoera sanitario larria salatzen aritu da, eta herritarren erantzuna argia izan da. Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak gogoratu du, “maiatzean mobilizazio historikoa egin zen: 12.000 pertsona baino gehiago atera ziren kalera, haurrentzat larrialdi arreta duin eta eskuragarria eskatzeko”. Hala ere, gizartearen aldarrikapen indartsuaren aurrean, erakunde eskudunek “benetako neurririk” hartu ez dutela salatu dute. “Maiatzaz geroztik hitzak baino ez ditugu jaso, baina ez da irtenbiderik jarri martxan”, salatu du elkarteak.

Berriro irekitzea lortu arte

Horregatik, Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak Udalari eskatzen dio orain arteko jarrera anbiguoa alde batera utzi eta posizio argi eta irmoa har dezala. Elkarteak Udalari eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari zuzenean exiji diezaiola Pediatria Larrialdiak berehala berriz irekitzeko.

“Ezin dugu onartu gure bezalako eskualde batek ezinbesteko zerbitzu gabe jarraitzea, eta are gutxiago gure txikienen osasuna arriskuan jartzea. Egoera jasanezina da, eta premiazko neurriak behar dira”, adierazi dute Bidasoako Larrialdi Pediatrikoen elkartetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude