Zure ordenean

Bertsoak: Manu Goiogana Bengoetxea

Doinua: Semeari (Aire ahizpak)

1)

Siesta egin nahi duzu

mahaian gaudenean,

paseoa siestaren

une onenean,

ibili nahi jateko

ordua denean

harrapaturik gaude

zure_eromenean,…

hau ere joango da

zure ordenean (bis)

 

2)

Aldiro begiratzen

duzu ingurura

guztia ezezagun

bazenu modura …

nitaz ere egingo

zenuenez duda

aitatxo naiz, atera

aurretik mundura

kanpotik hitz egiten

zizun ahots hura (bis)

 

3)

Jaio orduko zure

gorpuztxo txikira

bisitan etortzea

da denen desira

Lasaitasuna behar

dugula argi da,

beraz, datozenean

bisiten harira,

hasi negarrez eta

urrunduko dira! (bis)

 

4)

Jartzen zaizkizunean

begiak malkotan

etzan ohi gara biok

lasaitu asmotan

nahiz bularretik tira

egin nahi askotan

amore ematean

ahalegin hortan

aitarekin batera

hasten zara lotan (bis)

 

5)

Halakoa zarela

entzun duzu sarri,

bestelako bazara

ingurua larri,

gero, beti inoren

antza nahi igarri…

hona izenondorik

ez dut nahi ekarri;

horrelako zamarik

ez dizut nahi jarri (bis)

 

6)

Lasaitasuna hartu

duzu lokartzeko

nahikoa ni paperen

aurrean jartzeko

baina prest nengoela

metrikan sartzeko

intziri egin duzu

aita ohartzeko

bertsotan hartu ordez

besotan hartzeko (bis)

 

One thought on “Zure ordenean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude