Txingudi Bertso Eskolako taldeak martxan dira
Kabigorriko lehen bertso gaua urriaren 5ean izango da
Urria hastearekin batera, ikasturteko jarduerei heldu die Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak. Txingudi Bertso Eskola kudeatzeaz gainera, hainbat bertso saio antolatzen ditu urtean zehar, eta eskualdeko mugak gainditzen dituzten ekimenetan ere parte hartzen du.
Bost talde eskaintzen ditu Txingudi Bertso Eskolak. Doakoak dira denak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak diruz lagunduak baitira. Helduentzako bat-bateko bertso eskolak hiru taldetan banatu dituzte, parte hartzaileen esperientziaren arabera. Bertsolaritza tailerra ere egongo da, bertsogintza ez ezik (bat-batekoa eta idatzizkoa), bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko beste zenbait gai landuko dituena. Aurten, Xanti Zabala “Lexo” (Lezo, 1942-2012) zenaren omenezko kantaldia antolatzea izango da tailerraren ekimen nagusia.
Haurren eta gaztetxoen bertso eskola ere badago, 14 urte arteko hasiberrientzat. Hor dago, hain zuzen ere, Irunabarrek nabaritzen duen hutsune handiena. Ikastetxe askotan bertsolaritza lantzen dute gelan, hamabostean behin, hezkuntza arautuan txertatuta. Eskolaz kanpoko jarduera gisa, berriz, ez da bertsolaritza eskaintzen, gaur egun. “Bigarren Hezkuntzan dago hutsunerik handiena”, baieztatu du Aitor Errazkin elkarteko kideak: “Gerora etortzen dira bertso eskolara, etortzekotan. Urte batzuk pasata”.
Bertso eskola kudeatzeaz gainera, hainbat bertso saio antolatzen ditu Irunabarrek ikasturtean zehar, Irunen edo eskualdean: Bertso Eskolen eguna, Euskal Jira, Sagardo Egunak, auzoetako jaiak, ikastetxeetako saioak, Moskuko Jaietakoa etab. Azken bost urteetan, Kabigorriko bertso gauak ere antolatu ditu, hilabete bakoitzeko lehen ostegunean. Iaz bezala, Bertso Truk ekimenean parte hartuko du Txingudi Bertso Eskolak, Otxandioko eta Gernika-Lumoko bertso eskolekin, oraingoan. “Saio bat antolatuko dugu guk eskualdean, eta bisita ere egingo diegu haiei”, azaldu du Errazkinek.
“Kabigorriko gauetan, edo uztailaren 1eko bertso saioan egoten den jendea ez da berdina izaten”
Irundik pasako da Txapelketa Nagusia
Irunabarrek proposatutako hitzorduez gainera, beste zenbait bertso emanaldi izaten dira eskualdean, urtean zehar. Batetik bestera, askotan, bertsozalea ezberdina izaten dela azpimarratu du Aitor Errazkinek: “Kabigorriko gauetan, edo uztailaren 1eko bertso saioan egoten den jendea ez da berdina izaten. Hori positiboa da, Bidasoan bertso zaleak badaudela esan nahi du”.
Aurten, gainera, zorioneko daude eskualdeko bertso zaleak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia Irunera helduko baita. Txapelketako finalerdietako bat hartuko du Artaleku kiroldegiak, azaroaren lehenean. Foku mediatiko handia da Euskal Herriko Txapelketa nagusia, eta interesa erakarriko du. Bertan bertsolaritzak duen presentzia islatzeko ere balio dezan nahi luke Errazkinek: “Txapelketaren asmoetako bat bada, tokian-tokian dagoenaren berri ematea”.
“Gai jartzaileek arreta handia eskaintzen diote bertso saio bakoitza lantzeari”
Egonkortuta daude Kabigorriko bertso gauak
Bosgarren edizioa izango dute aurten Kabigorriko bertso gauek. Hilabete bakoitzeko lehen ostegunean izango dira, salbuespenak salbuespen, jai egunak direla eta. 2013ko urrian hasi zirenetik, 36 bertso saio burutu dituzte dagoeneko, eta ongi bidean, 45 izango dira aurtengoekin. Bi helburu nagusirekin jaio ziren Kabigorriko bertso gauak: bertako bertsolarientzako plazak eskaintzea, eta beste plaza eredu bat sustatzea. “Asko zaintzen dira saioak, mimatu egiten dira. Gai jartzaileek arreta handia eskaintzen diote bertso saio bakoitza lantzeari”, adierazi du Aitor Errazkinek.
Jaialdi txiki formatuko bertso saioak egiteko espazio aproposa da Kabigorri. Aurreko edizioetako formatu berdinari eutsiko dio Irunabarrek, ezustekoentzako tarteren batekin: “Formatu arruntetik aldentzen den baten bat ere egongo da. Iaz saio musikatua egon zen, aurten ere izango da, eta besteren bat ere bai”. Harrera ona eskaini diete eskualdeko bertso zaleek Kabigorriko bertso gauei. Ateneoan sortzen den giroari egotzi dio, neurri batean, Errazkinek: “Kanpotik etortzen diren bertsolariek diote oso leku gustagarria dela Kabigorri”.
Urriaren 5ean izango da ikasturte honetako lehendabiziko saioa, 19:30etatik aurrera. Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak ariko dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarrak eskainiko ditu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.
Irunerorekin elkarlana
Ikasturte berriarekin batera, beste ekimen bati heldu dio Irunabarrek, Irunero aldizkariarekin elkarlanean. Hilean behin, bertso sorta bana idatziko du elkarteko kide batek. Ilusioz hartu dute erronka elkartean: “Antolakuntza bat eskatzen du, konpromiso bat. Baina animatuta gaude, gustura hartu dugu”. Gogoratu beharra dago, eskualdeko bertso tradizioaren parte handi bat, tokiko aldizkarietan argitaratutako bertsoei esker jaso izan dela.