Hondarribiko arraunlariek Kontxako Bandera irabazi zuten irailaren 8an Donostiako uretan. Honela, Hondarribiko egun handia biribildu eta Ama Guadalupekoari omenaldi berezia eskaini zioten Joseba Amunarrizen mutilek. Estropadaren egunean bertan hiriko Kale Nagusian egin zituzten lehen ospakizunak. Hurrengo egunean, berriz, Irun eta Hondarribia artean omenaldi ezberdinak jaso zituzten ere.
Duela sei urteko lorpena errepikatzea lortu zuten Hondarribiko arraunlariek: Irailaren 8an hiriko jai egun handiarekin kointzidituz Kontxako Bandera etxera ekarri zuten berriro ere. Joxemi Elduayen klubeko presidenteak azaldu duenez, “orain dela 3 edo 4 urte aurten klubak 50 urte betetzen zituela jabetu ginen eta, gainera, Kontxako Bandera irailaren 8an izango zela konturatu ginen”. Presidentearen hitzetan momentuan ilusioz bete ziren, baina, azkar ikusi zuten zaila izango zela garaipena lortzea. Azkenean, ordea, esfortzu eta ahalegin guztiak sarituak izan dira.
Urduritasunak estropada hasieratik amaierara
Aurreko igandean lortutako 5 segundotako aldearen abantaila poltsikoan gorderik zutela murgildu ziren arraunlari hondarribiarrak Kontxako badiako uretan. Estropadaren hasieran oso paretsu atera ziren Orio, Santurtzi eta Hondarribiaren ontziak eta lehen luzean berdeak abantaila galtzeko arriskuan egon ziren Orio indartsu baten aurrean. Sunbillako Iker Mariaezkurrena arraunlariak estropadan zehar bizitako urduritasunak azaldu ditu, “nahiko ondo hasi ginen arren, estropada erdialdera Oriok alde egin zigun eta 3-4 segundo arteko tartea atera zigun”.
Olatu gutxiko itsasoan ziaboga egin ostean, oriotarrekin norgehiagoka estuan jarraitu zuten hondarribiarrek. Mariezkurrenak adierazi duenez, “ziabogaren ostean tartea apur bat atera genuen arren, uhartea albotik igaro arte ez genuen irabazteko aukera argi ikusi”. Azkenean, 19 minutu eta 41 segundotako denborarekin helmuga zeharkatu zuten helmuga, Oriori 1,26 segundotako tartea atera ostean. Iñigo Vertiz arraunlari irundarraren hitzetan, “Kontxako Bandera eta irailaren 8a berriro elkartzea oso berezia izan zen”. Une horretan bertan kolore berdeko festa lehertu zen Donostiatik Hondarribiraino.
Bi jardunaldietako denbora batuz, 124. Kontxako Banderaren Klasifikazioko lehen postua Hondarribiarentzat izan zen, guztira, 39 minutu eta segundo bateko denborarekin. Bigarren postua, berriz, Oriorentzat izan zen 6 segundotako aldearekin eta hirugarren postua Santurtzik eraman zuen 23 segundoko diferentziarekin.
Festarako tartea
Estropadako egunean bertan etxera itzuli eta, sabela bete ostean, jai giroan murgildu eta ospakizunetarako tartea aurkitu zuten Kale Nagusian arraunlariek. Hurrengo egunean, berriz, gertatutakoa barneratu ostean, bestelako omenaldiak jaso zituzten Hondarribiko arraunlariek.
Ohikoa denez, Irungo udaletxera hurbildu ziren lehenengo udalbatzaren harrera jasotzeko. San Juan plazako bazterrak kolore berdez tindatu ziren arraunlariei ongietorri beroa emateko. Irungo Udaletxeko balkoian bandera behar bezala astindu ostean, autobusera igo eta Hondarribiko Udaletxean zein Kofradian jarraitu zuten garaipenaren ospakizun ekitaldiekin.
Garaipena ospatu ostean, ordea, lanean jarraitzeko indarrak hartu zituten arraulariek aurtengo Eusko Label Ligari amaiera emateko. Azken estropadaren osten, Orioi izan da txapelduna 213 puntu eskuratu ostean eta 201 punturekin ligako bigarren postua Hondarribiarentzat izan da. Ligako txapeldun titulua lortzea ezinezkoa izan bazaie ere, finalaren aurretik Xabier Velasco arraunlari irundarrak adierazi zuen, “denboraldi amaierara begira orain arte egindako lanari jarraipena ematen saiatuko gara”. Lehenengo postuaren atzetik, azken sailkapenean lortutako bigarren postu horrek urte osoan zehar hondarribiko arraunlariek egindako lan gogorra agerian uzten du.