“Maitatzearten artea” giza harremanen eta lotura afektiboen balioa aitortzea, ikusaraztea eta horren guztiaren inguruko hausnartzea bilatzen duen belaunaldien arteko proiektua da. Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa elkarteak sustatutako ekimen artistikoa da eta Irungo Udala bertara batu da. Instalazio artistikoaren emaitza Palmera Monteroko atarian egongo da ikusgai, irailaren 26tik urriaren 2ra.
Maitatzearen artea ekimenak adin guztietan presente dagoen sentimendu bat prebenitu nahi du: bakardadea. Horretarako, hiru metroko zuhaitz bat sortu da, maitasunaren sendatzeko indarraren erakusgarri, eta besteei laguntzea eta haiekin daukaguna partekatzea zer garrantzitsua den ikusarazteko.
Instalazio artistikoaz gain, taldean hausnartzeko bi saio antolatu dira urriaren 1erako eta 2rako, sormen-prozesuan parte hartu dutenekin. Gainera, Javier Yanguas psikologoak, amaiera gisa, hitzaldi bat eskainiko du urriaren 23an Palmera Monteron, arratsaldeko 18:00etan. Ekitaldi honetan prozesu osoaren argazkiak eta hausnarketak ikusi ahal izango dira.
Belaunaldien arteko proiektua
Zuhaitza osatzeko, bihotz formako hostoak bildu dira, bakoitza bere mezu, marrazki edo esku-hartze artistikoarekin. Hosto horiek sortzeko, herritarrek parte hartzeko prozesu bat antolatu da, hiriko zenbait erakunde eta ikastetxeren laguntzarekin, hala nola: Once, Martindozenea gaztelekua, Artiako gaztelekua, Isolamendua prebenitzeko programa eta bakardadearen kontrako proiektua, Hirubide, Zentro sozialen dinamizazioa, Mendibil Lanbide Hastapenetarako Zentroa, Minbiziaren aurkako Elkartea, Osakidetza, Plaiaundi institutua, Gure Altxor + Eguzkitza, Afagi, Caser Betharram, Ama Xantaleneko dinamizazioa, Irungo Hiritar Foroa, Txingudi BHI, Caser Anaka egoitza, Kulturarteko Bitartekotzako Programa, Bidasoa Zurekin eta Bahai komunitatea.
Hostoak bildu ondoren, Irantzu Lekue artista arduratu da instalazio artistikoari forma emateaz eta zuhaitz bat sortzeaz, erakunde bakoitzak ekarritako hostoak erabilita. Horrela, pertsona batentzat babes- eta laguntza-sare batek duen balioaren metafora bat osatzen da, zuhaitzen antzerakoa.



