Mintzapraktika eta artea hartu ditu Udalak ardatz

Irunen bi egitarau izango dira aurten: Udalarena, eta hainbat herri-mugimenduk eta elkartek prestatutakoa. Udalak abenduaren 2rako eta 3rako antolatu dituen ekimenak “Euskara, plazara” goiburuaren baitan bildu ditu. Txanaleta plaza izango da jarduera gehienen eremua, eta Sareuskak antolatutako Mintzodromoa, ekimen nagusia.

euskara4

Gainera, Txanaletan bertan dagoen Kunsthal eskolak parte-hartze handia izango du. “Gure diseinuarekin proiektu guztia ku-tsatu dugu”, azaldu du Gaizka Zuazo irakasleak.
Euskararen Egunaren bezperan, bi film emango dituzte Amaia KZn. 17:30ean “Dixie eta matxinada zonbia” haurrentzako pelikula izango da ikusgai. 20:00etan, berriz, “Loreak” filma eskainiko dute. Ondoren, solasaldirako tartea izango da, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño pelikularen zuzendariekin. Filmak ikusteko gonbidapenak Foru kaleko Gazte Informazio Bulegoan banatuko dituzte. Doan izango dira, baina pertsona bakoitzak launa sarrera jaso ahal izango ditu gehienez.
Abenduaren 3an, Txanaleta plazan egongo den karpa izango da erreferentzia gune. Egun osoa hartuko du Post-it Art ekimenak. Postitetan euskara “plazara” ateratzeko ideiak eman ahal izango ditu edonork, denen artean mural bat osatzeko. 10:00etan, Txanaletan bertan, Sareuskak antolatutako Mintzodromoan parte hartzeko aukera egongo da. Hego Lapurdiko Hiriguneak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak sortu dute Sareuska, eta Irungo Mintzodromoa izango da elkarlanean egingo duten lehen ekimena. “Euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera ezin hobea izango da, lagunekin kafetxo bat hartzen den bitartean”, aipatu du Fernando San Martin euskara zinegotziak.
Arratsaldean, haurrak izango dira protagonista. Txanaleta jolas parke bilakatuko da, eta Kiki, Koko eta Moko pailazoek emanaldia eskainiko dute bertan, 18:00etatik aurrera. Ordu erdi lehenago, Maider Galarza ipuin kontalaria ariko da Udal liburutegian. 19:15 aldera, “Euskara kantari” emanaldiarekin bukatuko da Eguna, Txanaleta plazan.
Bi ekintza paralelo Artalekun
Abenduaren 1etik 5erako astean, beste bi jarduera izango dira Artaleku kiroldegiko kafetegian. Astelehenetik ostiralera “Elkarrizketariak” mintzapraktika saioak eskainiko ditu Steps Junior kooperatibak. Euskaltegiko 6. mailatik beherako ikasleei eta euskara maila baxua duten hiritarrei zuzenduta dago. Dinamika nolakoa izango den azaldu du kooperatibako Ainara Guzmanek: “Modu sinplean eta jolasaren bitartez planteatuko ditugu saioak”. Aldez aurretik izena ematea ez da beharrezkoa izango. Edonor hurbildu ahal izango da arratsalde osoan zehar.
Artalekun bertan, “Ametsen arbola” prestatuko dute Kunsthal eskolakoek. Zurez, metalez eta hariz osatutako egitura izango da, eta hiritarrek euskarazko mezuak idatzi eta zintzilikatzeko aukera izango dute, hostoak balira bezala. Eskultura bereziak apainduko du, beraz, kiroldegiko kafetegia. “Espazioaren itxura aldatu egingo da. Prozesu hori oso interesgarria dela iruditzen zaigu”, aipatu du Gaizka Zuazo Kunsthaleko irakasleak. Artea eta hizkuntza ezkondu nahi izan ditu, beraz, Irungo Udalak, Euskararen Egunari begira.

Zergatik abenduaren 3an?

1949an, Eusko Ikaskuntza ikerketa-erakundeak abenduaren 3a izendatu zuen Euskararen Nazioarteko eguna. San Frantzisko Xabierkoaren heriotzaren data aukeratu zuen horretarako. 1995ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ospakizuna instituzionalizatu egin zuten. Aurrerantzean, ekimen anitzak antolatzen dira abenduaren 3an Euskal Herri osoan zehar.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude