Iritzia. Xabier Kerexeta. Bon lieu

mantusa 2color

IRUN: “Son nom, qui signifie bon lieu en langue basque, lui a été donné par ironie sans doute, car les voyageurs sont trop souvent rançonnés”. Tira: ez da hainbesteko; gehienez ere, mugara mugatu da ironia: “Le faubourg d’Irun qui se trouve situé du côté de la frontière française se distingue par sa saleté, mais l’intérieur de la ville est assez propre”.
Zer ez duten esan gutaz batera edo bestera guretik pasa direnek! Esan ere, esan zuen batek Irungo emakumeak arrunt ederrak direla, baina gizonak, arrunt itsusiak… zirela?, garela? Hamaika irakurtzeko jaioak gara! Dena den, gaur gure herriaren etimologiak ekarri nahi nituzke hizpide, etimologien faltan ez baikara, ironiaz ala ez.
Lehenik eta behin, adostu beharko genuke zein den gure herriaren izena: Oiasso modan dugu orain; baina hori testu klasikoetan agertzen ziren aldaeretako bat baizik ez da. Frantses ironiko berak diosku, erromatarren garaiko aiurri batzuen aurkikuntzaz ziharduela: “La ville d’Irun paraît avoir été l’Hanusa des Romains”. Idanusa, Ossaron, Eidason… eta ospetsuena baina orain donostiar ederrek besterendu digutena, Easo. Badirudi jatorrizko izen berari itzulinguruka zebilzkiola, beharbada atzizkidun euskal toponimo bat entzun eta deklinatzen diren latin eta grezieraz idaztearen ondorioz. Kontuan hartu behar da bertatik bertara eta hitzetik hortzera ez baina auskalo zenbat mihi-belarritan iragan ondoren idazten zutela.
Erdi Aroan, berriz, oiartzuarrez landa, Yrun azaltzen zaigu… baina ia beti ezkonduta: Urançu, Irançu, Arança eta beste aldaera batzuk ere agertzen ziren. Bi izen herri bakarrarentzat, ala bi hirigune parrokia bakarrean? Bego horretan oraingoz.
Gero etorri zen Irun, eta geroago Irún, eta orain berriro, poliki-poliki, Irun. Uranzu ez zen desagertu, Irun toponimo handiaren baitako toponimo txikiagoa izatera mugatu baizik. Hori bai: orain bi Uranzu ditugu Irunen, ofizialki “Pelegrin de” bataiatu kalearen deitura baizik ez baita erabiltzen.
Tira, kontua zen: Irun hitzak berak zer esan nahi du? Beste batean beharko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude