‘Kalean Bai’ planak etapa berri bati ekingo dio, aisialdian eta kirolean euskararen erabilera indartzeko

Irungo Udalak ‘Kalean Bai‘ Planaren etapa berria aurkeztu du gaur, 2026tik 2030era bitarteko epealdia jasoko duena. Aurkezpen ekitaldian Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak, Arantza Zulet Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuko teknikariak eta Lide Rekondok (Siadeco Ikerketa Elkarteko ordezkaria) hartu dute parte. Siadeco enpresa arduratuko da hain zuzen ere planaren inplementazioaz eta dinamizazioaz, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, egitasmoa hiri proiektu kolektibo bilakatzeko asmoz.

Egitasmoak ibilbide luze eta sendoa du hirian; 2002an martxan jarri zenetik 113 elkarte eta entitaterekin egin du lan Udalak, eta gaur egun 64 elkartek dute sinatuta euskararen erabilera sustatzeko eta sendotzeko hitzarmena. Plan berri honen xede nagusia ikastetxeek euskararen irakaskuntzan egiten duten ahaleginari jarraipena ematea da. Horrela, hizkuntza-ohiturak finkatzen diren adinetan, haur eta gazteei euskaraz jolasteko, kirola egiteko eta lagunartean aritzeko aukera erreala eman nahi zaie aisialdi eremuetan.

Etapa berri honek hiru helburu estrategiko nagusi izango ditu, genero ikuspegia jardun osoan zehar txertatuko den zeharkako ardatza den bitartean. Alde batetik, dagoeneko konpromisoa hartua duten 64 elkarteekin lanean sakonduko da, entitate bakoitzarekin mikro-plan pertsonalizatuak adostuz eta urratsak progresiboki ematen lagunduz. Bestetik, sortu berriak diren edo orain arte egitasmora hurbildu ez diren elkarteak plangintzara batzea eta ‘Kalean Bai’ marka zein euskararen balioa suspertzea bilatuko da, hizkuntza aisialdian naturaltasunez bizi dadin.

Lau urterako estrategia

Lau urte hauetan, kirol esparruari eta herriko jaiei arreta berezia eskainiko zaie lan pertsonalizatu baten bidez. Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara kirola eskaintzen duten 15 klubekin jarraipen-lana egingo da, oporraldietako kirol campusetan esku-hartzeak bideratuko dira eta proba nagusietan hizkuntzaren presentzia bermatuko da. Bestalde, San Pedro eta San Martzial jaietan haur eta gazteentzat ekitaldiak antolatzen dituzten 27 elkarterekin hizkuntza-protokolo orokorrak prestatuko dira. Horrekin batera, sentsibilizazio-kanpainak, gazte erreferenteen formakuntza eta laguntza teknikoa eskainiko dira aurrerapausoak zorrotz ebaluatzen diren bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude