Irungo Plaiaundi LHII ikastetxeak Erronka Solidarioaren seigarren edizioaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean, osteguna, azaroak 26, bertan egindako prentsaurrekoan. Garraio eta Logistikako Goi Mailako Heziketa Zikloko 2. mailako ikasleek garatutako ekimen honek elkartasuna, ikaskuntza praktikoa eta gizartearekiko konpromisoa uztartzen ditu 2021eko azaroan abian jarri zenetik. Ikasturte honetan, ikasleek bost gizarte-erakunderen beharrak identifikatu, bilketa-kanpainak diseinatu eta zabaldu, eta jasotako produktuen sailkapena, inbentarioa, biltegiratzea zein garraioa antolatu dituzte.
Iñaki López Zafra irakasleak gidatutako ekitaldian izan dira Maialen López Luengo ikastetxeko zuzendari exekutiboa, Amaia Irulegi irakaslea, Gorka Álvarez Aranburu Irungo bigarren alkateorde eta Garapenerako Lankidetzako ordezkaria, enpresa laguntzaileak, gizarte-eragileak eta emaitzak aurkeztu dituzten ikasle taldeak.
Maialen López zuzendariak Lanbide Heziketak gizartearekin duen konpromisoa eta ikasgelako ezagutzak benetako beharrei erantzuteko baliatzearen garrantzia nabarmendu du, erakunde, enpresa, ikasle eta irakasleen lana eskertuz. Era berean, Gorka Álvarez ordezkariak hezkuntzaren, enpresen eta elkartasunaren arteko lankidetza goraipatu du, eta gazteak etorkizunean boluntariotzan parte hartzera animatu ditu.
Prentsaurrekoan parte hartu duten erakundeek ere bat egin dute mezu horrekin: Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Belén Méndez de Vigok boluntario kopuruaren beherakadaz ohartarazi eta belaunaldi-erreleboa bermatzeko beharra azpimarratu du; Kaleko Afari Solidarioetako ordezkariek gazteen konpromisoa eskertu dute; eta Salvat Logísticako Iñaki Ugartemendiak langileen artean kanpainak pizten duen interesa eta «soldata emozionalaren» balioa nabarmendu ditu.



