Plaiaundi LHIIko Garraio eta Logistikako ikasleek Erronka Solidarioaren bostgarren edizioko emaitzak aurkeztu dituzte. Aurrekoetan bezla, inguruko GKEekin eta enpresekin lankidetzan egindako kanpaina solidarioa izan da aurtengoa.
Garraio eta Logistikako Goi Mailako Zikloko 2. mailako ikasleek garatutako proiektu honek, berriro ere, elkartasuna, ikaskuntza eta gizartearekiko konpromisoa uztartu ditu, inguruko GKE eta enpresen lankidetzarekin.
Gaur goizean Plaiaundin egindako prentsaurrekoan parte hartu dute Maialen López Luengo, Plaiaundi LHII-ko Zuzendari Exekutiboa, Iñaki López Zafra eta Amaia Irulegi Eizagirre, Garraio eta Logistikako irakasleak, Gorka Álvarez Aranburu, Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren ordezkaria, Ikasle taldeek, kanpaina bakoitzaren emaitzak azalduz eta baita GKEetako ordezkariek: Jaqueline Bica (Haurralde Fundazioa), Agus Rodríguez (Kaleko Afari Solidarioak), Pili Pérez eta Luismari (Gipuzkoako Elikagaien Bankua), eta Isabel Querejeta (Hiritarron Harrera Sarea).
Maialen Lópezek azpimarratu duenez:“Gure ikasleek, inguruko GKEen eguneroko lana aintzat hartuta, gizartearekiko konpromisoa eta enpatia erakutsi dituzte, material eta elikagaien bilketa kanpaina baten diseinu eta exekuzioaren bidez. Eskerrik asko erakunde guztiei eta garraio-sektoreko enpresei, urtero bezala, prest agertu direlako laguntzeko.” Bestalde, Iñaki López eta Amaia Irulegi irakasleek ikasleen lana nabarmendu dute, euren profesionaltasuna eta elkartasun gaitasuna azpimarratuz.
Gorka Álvarez Aranburuk, Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Lankidetzaren ordezkariak, adierazi du ekimena ez zuela ezagutzen baina oso interesgarria iruditzen zaiola, eta Irun osoan zabaltzeko aukera aztertu beharko litzatekeela. Era berean, eskerrak eman dizkie Plaiaundiko ikasleei eta irakasleei egindako lan bikainagatik, Irungo Udalaren izenean.
Emaitza GKEentzat
Erronka Solidarioaren edizio honetan, bost GKEk parte hartu dute. Zaporeak 24 kutxa, 563 unitate, lortu ditu bilketa solidarioari esker: 39 litro esne, 85 kg arroz, 82 pakete makarroi, 39 kontserba eta beste hainbat elikagai.
Haurralde Fundazioak berriz, 47 kutxa: 1.000 jostailu, arropa, liburu eta material didaktiko. Kaleko Afari Solidarioak 18 kutxa lortu ditu: 90 kg arroz, 108 kg dilista, 32 litro olio, 52 kg makarroi, 33 kg espageti, 52 kg garbantzu, eta bestelako produktuak.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua: 24 kutxa (563 unitate): olioa, lekaleak, pasta, kontserbak, esnea, arroza eta galletak.
Hiritarron Harrera Sarea: 22 kutxa (400 unitate): neguko arropa.
GKEen ordezkariek nabarmendu dute gazteek gizartean duten konpromisoaren adibide bikaina izan dela ekimena: “Askotan esaten da gazteek ez dutela konpromisorik, baina Plaiaundiko ikasleen lanarekin frogatu da hori ez dela egia.” Izan ere, ekimenak Plaiaundi LHIIren balio nagusiak islatzen ditu: ikasleen prestakuntza praktikoa, gizartearekiko konpromisoa eta lankidetza errealaren sustapena.



