‘Basozaindariak’ ekimenak 48 lagun bildu ditu Irunen 12 habia-kutxa jartzeko 

Atzo, igandea, azaroak 15, Basozaindariak ekimenak bere lehen parte-hartze jardunaldia gauzatu zuen Irunen, 48 lagunen inplikazioarekin. BSTK Basotik Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak elkarlanean bultzatutako proiektu honek herritarrak Gipuzkoako basoen zaintzan eta kudeaketa aktibo zein jasangarrian engaiatzea du helburu.

Jardunaldia Irungo Eguzkitza BHI institutuan abiatu zen; bertan, parte-hartzaileek baso-inguruneak biodibertsitatearentzat duen garrantzia ezagutu zuten, eta habia-kutxak muntatzeko tailer praktiko bat egin zuten. Ondoren, taldea inguruko baso batera abiatu zen ibilbide gidatu bat egitera, eta BSTK Basotik Fundazioko profesionalen azalpenen laguntzaz, hegaztientzako babesleku eta habia-gune berriak izango diren 12 kutxa jarri zituzten zuhaitzetan.

Bi erakundeen arteko lankidetzak basogintzako ezagutza teknikoa eta gizartea mobilizatzeko gaitasuna uztartzen ditu. Ainara Muga Real Sociedad Fundazioko proiektuen arduradunak adierazi duenez, lehen jarduera honekin natura-ingurunearekiko konpromisoa ekintza zehatz bihurtzeko urratsa eman dute: «Oso pozgarria da ikustea herritarrek zuzenean parte hartzen dutela basoen zaintzan, eta elkarlanean arituz haien kontserbazioan lagundu dezakegula ohartzen direla». Ildo beretik, Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioko gerenteak azpimarratu du basoek ingurune bakoitzaren beharretara egokitutako esku-hartze jarraituak behar dituztela, eta 12 habia-kutxa hauek jartzea hegaztien habitata hobetzeko lehen ekarpen esanguratsua dela.

Ikasturteko jardueren abiapuntua

Irungo hitzordu honek Basozaindariak ekimenaren 2026 eta 2027 urteetarako jarduera-programari hasiera eman dio, Gipuzkoako baso-ondarea babesteko aurreikusita dauden lau parte-hartze jarduketetatik lehena izan baita. Datozen hilabeteetan zehar, ekimenak beste hiru ekintza nagusi garatuko ditu lurraldean: basoak eta ibaiertzak garbitzeko auzolanak, erleen eta gainerako intsektu polinizatzaileen habitata hobetzeko jarduerak, eta herritarrei irekitako zuhaitz-landaketa handi bat.

One thought on “‘Basozaindariak’ ekimenak 48 lagun bildu ditu Irunen 12 habia-kutxa jartzeko ”

  1. Hortako ziok Gipuzkoako Basozainak…Ez zekit zertarako sortu duten Diputaziyua fundazio semi público berri hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude