Osasun Bidasoa plataformak salatu du Irungo anbulatorioetan eta eskualdeko ospitalean kontsulta guneak falta direla

Osasun Bidasoa plataformak salatu duenez, Bidasoa eskualdeko ospitalean eta Irungo anbulatorioetan kalitatezko osasun arreta emateko kontsulta gune egokiak falta dira. Plataformaren ustetan, egoera honek zerikusia du duela 30 urte baino gehiago eskualdean osasun inbertsio nahikorik egin ez izanarekin.

Era berean, plataformatik gogoratu dute eskualdeko Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko proiektua abian jarri gabe dago oraindik. Osakidetzak eraikin erantsi bat eraikitzeari uko egin dionez, ezinezkoa da kontsulta guneak zabaltzea ospitalean. Osakidetzak iragarritako proiektuak 3 urteko obrak dakartza, eta ospitalearen zatirik berriena eraistea,2011n berritu zena. Osasun Bidasoa plataformatik azpimarratu dute proiektu horrekin ez dela azalera erabilgarririk irabazten kontsultak eta arreta guneak handitzeko.

Egungo egoera

Gaur egun, ospitalean, besteak beste, espezialisten kontsultetarako, etxeko ospitalizaziorako eta larrialdietarako arreta guneak falta dira. Leku faltak itxaron zerrenden arazoa larriagotzen du, profesionalek ez baitute paziente gehiago artatzeko kontsultarik. Zenbait espezialitatek, hala nola traumatologiak, 172 eguneko itxaron zerrendarekin, edo otorrinolaringologiak, 133 eguneko itxaron zerrendarekin, ezin dute paziente gehiago artatu leku faltagatik.

Irungo anbulatorioetako egoera ere gero eta okerrago da. Irun erdialdekoa anbulatorioa, 1954an eraikia, 1850 metro karratu ditu Irungo 38.500 pertsona artatzeko. Horretaz gain, traumatologia, erradiologia, ikuskaritza mediko, odontologia eta gaueko eta jaiegunetako larrialdietarako sorospena eskaini behar die Bidasoako, Bortzirietako eta Iparraldeko ia 100.000 biztanle gehiagori. Familiako medikuntzako eta erizaintzako arreta 22 medikuk eta 23 erizainek ematen dute, medikuentzako 14 kontsulta eta erizainentzako 12 kontsulta baino ez dauden bitartean. 26 kontsulta horietatik 4 kanpoko barrakoietan daude, eta beste 8 behin behinean egokitu dira itxarongeletan eta bainugela edo aldagela zaharretan. Behin behineko 12 kontsulta hauek tamaina txikikoak dira, eta ez dute kalitatezko arreta emateko aukerarik, ezta gurpil aulkientzako maniobragarritasunik ere. Hondakin arriskutsuentzako, esterilizaziorako, aldageletako, biltegirako, larrialdietako profesionalen atsedenerako, administrarien eta kontsultarik gabeko profesional sanitarioen lan gelerako eta langileen bilera gelarako espazio gehienak ere prekarioak dira, behin behinekoak eta gutxieneko kalitate baldintzak betetzen ez dituztenak. Ez dago osasun heziketarako, fisioterapiarako edo erditzea prestatzeko gelarik. Herritarrei arreta emateko 4 administrazio gune baino ez daude, itxarongela egokirik gabe.

1991n inauguratutako Dunboako anbulatorioak 2093 metro karratu ditu, eta ez dago espazio nahikorik 31.000 herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko. Bere instalazioen zati bat eskualdeko osasun publikoko zerbitzuek betetzen dute. Bere egitura arkitektonikoak eta inguruko espazioek ez dute kontsulta espazioak zabaltzeko aukerarik ematen.

Plataformaren salaketa

Horregatik guztiagatik, Osasun Bidasoak salatu nahi du “gure eskualdean ez dagoela osasun arretarako gune duinik”. Plataformatik ezinbestekotzat jotzen dute Plan Estrategiko bat egitea, egungo egoera konponduko duena. Hori lortzeko proposatzen dute Irungo hirugarren anbulatorioa berehala eraikitzea Oinaurren eta Eskualdeko Ospitalea handitzea eraikin erantsi baten bidez. Ondoren, Irun erdialdeko eta Dunboako anbulatorioak birgaitzeko beharra ikusten dute. Birgaikuntza horretan Irun erdialdeko anbulatorioa handitu beharko litzateke, atzeko patioan 1500 metro koadroko eranskina eraikiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude