Udalak erdialdeko anbulatorioaren partzela handitzeko aukerei buruzko txostena helarazi dio Jaurlaritzari

Irungo Udalak beste elementu bat planteatu du hiriak osasun arretaren esparruan dituen beharrak direla eta: Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduirekin bildu, eta Irungo alkate José Antonio Santanok Erdialdeko anbulatorioaren partzela handitzeko aukerei buruzko txosten bat helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari.

“Egindako bileretan iragarri nionez, konpromisoa hartu nuen sailburuarekin idatziz Erdialdeko anbulatorioaren partzela handitzeko aukerei buruzko informazio gehiago helarazteko. Bat gatoz beharrezkoa dela gehiago inbertitzea, eta erraztasunak eman nahi ditugu. Inoiz esan diogunez, bihar bertan, Eusko Jaurlaritza Oñaurren lanean has daiteke, ia 10.000 m2-ko eremuan, eta, gainera, Erdialdeko anbulatorioa handitzeko aukera du. Irundarrek behar dute”, adierazi du alkateak.

Zehazki, Hirigintza Arloak egindako txostenaren arabera, Erdialdeko anbulatorioaren egungo azalera eraikia 2.089 m2 da, baina partzela aztertu, eta ikusi da 1.560 m2 inguru handitu daitekeela eta guztira 3.649 m2 izan daitekeela.

Hain zuzen ere, eraikinaren atzealdeko espazio librea baliatu daiteke eraikina handitzeko, Gipuzkoa hiribidea eta Artaleku kalea lotzen dituzten eskaileren ondoan. Azterketaren arabera, beste solairu bat eraiki, eta osasun etxeak bost solairu izan ditzake guztira.

Bestalde, 2015etik, Udalak baditu Oñaurreko lur batzuk, Eusko Jaurlaritzak nahi duenean aktiba ditzakeenak: 9.700 m2-ko aprobetxamendua.

“Begien bistan geratu denez, ados gaude hiriko osasun arreta hobetzeko premia dagoela. Bada, egitez frogatu dezagun konpromiso hori. Udalak hiriko ia 12.000 m2 jartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren esku, Oñaurreren eta Erdialdeko anbulatorioaren artean, eta erabat prest dago herritarrek zein profesionalek helarazitako beharrari erantzuteko”.

Azkenik, txostenarekin batera bidalitako eskutitzaren bidez, alkateak hiriko osasun beharrak eta hirian ezarri nahi dituen zerbitzuak justifikatzeko dokumentua Udalari helarazteko eskatu dio Osasuneko sailburuari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude