Antxoa freskueeeeeeee!!!!!!

Zenbat sufritu genuen antxoa arrantzatzea debekatua egon zen garai haietan. Ordura arte, eta azken urte hauetan ere, urtearen garai honen zain egoten ginen, arraindegira joan eta antxoa erosi, honekin gozatzeko.

antxoa
Gure sukaldaritzaren printze txikia dela esan genezake. Hain preziatua da ezen desagertzeko zorian egon bai-tzen. Ez dakit euskaldunek antxoarekiko dugun obsesio edo gustu horrek eraginik izan ote zuen, baina nik badaezpada ere galdera airean utziko dut, ea norbaitek erantzuten duen: euskaldunek jan al genituen Kantauri itsasoan zeuden antxoa guztiak?
Asko dira antxoak prestatzeko dauden moduak. Frijituak edo arrautzeztatuak izaten dira ohikoenak, edo behintzat gure herriko jatetxeetan gehien ikusten direnak. Baina nik gaurkoan proposamen berri eta berezi bezain erraz bat ekarri nahi dizuet gure gastronomiaren txoko honetara. Horretarako, ezinbestekoa dut zuen laguntza, edo zuen parte-hartzea, hobeto esanda. Mantala soinean, eta sukaldean behar zaituztet, ondorengo errezeta prestatzeko.
Oraingoan inoiz baino gehiago, gozatu gastronomiarekin, gozatu sukaldaritzarekin, gozatu antxoarekin eta gozatu bizitzarekin. On egin!

Antxoa-entsalada

Osagaiak:
Letxuga-sorta, antxoak, olioa, ozpina, gatza, baratxuria eta perrexila.
Prestaketa:
Oso errezeta sinplea da. Antxoak prestatzea eta letxugak garbitzea izango lirateke lanik “zailenak”.
Antxoak, “liburuak” bezala zabaldu behar ditugu, burua eta hezurra kenduta (errazena arrain-saltzaileari prestatuta eskatzea da). Behin prest ditugula, labeko plaka bat hartu eta behealdean oliozpina bota (olioa, ozpina eta gatza nahastu, nork bere gustura), oliozpinaren gainean antxoak ipini (azala behealdera dutela), eta gainetik berriro oliozpina bota, bara-txuria eta perrexila gehituz. Labean izango ditugu minutu gutxiz, kolore zurizka hartu bitartean. Kontuz ibili, azkar pasa daitezke eta!
Behin antxoak prest ditugula, plater bat hartu, garbitutako letxugak jarri eta gainean antxoak; hori bai, entsaladari gero norberak nahi dizkion barazkiak gehi diezazkioke, baina nire proposamena, botatakoa: letxuga+antxoak.

Oraitz Garcia
gastrofesta.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude