Irungo Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek, Irungo Sozialistek, Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk, EH Bilduk eta Irungo Popularrek, EAJ-PNVk izan ezik, Sagardui sailburuak atzo goizean plazaratutako proposamena baloratu dute. Balorazio positiboa egin duten taldeek azaldu dutenez, Sailak Irunen inbertitzeko behar duena 8.500m 2 eta erdiguneko partzela bat bada, Oñaurre, zalantzarik gabe, irtenbiderik onena eta azkarrena da.
Taldeetatik ziurtatu dute lehenbailehen eta oraindik bidali ez den dokumentu ofizialen batean plan estrategiko bat ezagutzeko irrikan daudela, hiriaren osasun-beharrak definitzeko eta plan hori aurreikusitako jarduketen eta inbertsioen egutegi batean islatzeko. Sailburuari gogorarazi ziotenez, gaurtik bertatik 9.700 m2-ko partzela bat du eskura Oñaurren, eta bertan anbulatorio berri bat berehala planifikatzeko aukera egongo litzatekeela.
Sagarduik, Oñaurre “etorkizuneko hazkunde eremutzat” jotzen du, taldeek ordea, adierazpen horiek sailburuak hiriko hiri-egiturari buruz duen ezjakintasunaren ondorio dela azaldu dute. Izan ere, Oñaurre gune finkatua da, hiriko auzo askoren erdigunea, hala nola, Ventas, Anaka, Puiana, Belaskoenea, Elitxu, hain zuzen ere, zentroak eskaintzen die zerbitzua auzo horiei, eta 1.000 metro eskasera dago. Hori dela eta, Sagardui sailburua gonbidatu dute Irun bisitatzera eta Oñaurreko lursaila lehenbailehen ezagutzera.
Taldeek positibotzat jo dute Osasun Sailak Dunboako barne-berrantolaketa beharrezkotzat jotzea, eta bat datoz anbulatorioa zabaltzeak lehen mailako arretaren prestazioa hobetu dezakeela, une honetan oso beharrezkoa eta premiazkoa baita. Gogorarazi dute zentroko anbulatorioak 2100m2 dituela gaur egun, baina 1455 m2 gehiago har ditzakeela lursail horretan bertan, eta horrek 3500m2 baino gehiagoko anbulatorio bat izatea ekarriko lukeela. Taldeek gogorarazi dute ekipamendu honetan jarduteko beharrak oso premiazkoak direla, eta nahikoa da gaurko adibidea, non barrakoi-guneetako kontsultak bertan behera utzi behar izan dituen hotzak.
Udalbatzaren gehiengo handiaren jarrera hori berretsi egingo da datorren ostiraleko osoko bilkurara eramango den adierazpenean.