Cristina Laborda Obretako ordezkariak Oñaurreko kirol-eremu berriaren obrak bisitatu ditu astearte honetan. Instalazioa Clara Campoamor kalean kokatzen da. Lanak bukatu dira, eta bost hilabeteko iraunaldia izan dute. “Oñaurre asko hazi da azken urteetan. Ekipamendu eta hobekuntzei dagokienez, gogoan izan behar dira haurrentzako jolasen parkea eta Katearekiko oinezko konexioa hobetzeko lanak. Bada, gaurtik aurrera, beste pauso bat emango dugu kirol kantxa batez eta aire zabalean ariketa fisikoa egiteko elementuez osatutako erabilera anitzeko gunearekin”, azaldu du Cristina Labordak.
Instalazio berriak hainbat ekipamendu izango ditu: 30 m x 15 m-ko kirol-kantxa bat, hainbat kiroletarako aproposa eta futboleko atez hornitua, saskibaloian aritzeko eremu bat eta ping-pong mahai bat. Horrez gain, aire zabalean kirola egiteko eta kalistenian aritzeko elementuak ere instalatu dira. Eremu berrira joateko sarbide nagusia Clara Campoamor kalean egongo da. Oinezkoentzat izango da, baina larrialdietako ibilgailuak eta/edo mantentze-lanetakoak sartu ahal izango dira puntualki. Gainera, bigarren sarbide bat ere izango du ekialdean, oinezkoek erabiltzeko bakarrik. Sarbide horrek Zapatainzabala kalearekin lotuko du eremu berria, eskailera batzuen bidez. Ordutegia 9:00etatik 21: 00etara izango da.
Bestalde, euri-urak husteko eta eremua argiztatzeko azpiegiturak eraiki dira, eremu berriek drainatze eta argiteria egokia dutela bermatzeko. Horrez gain, kirol-instalazioaren mendebaldean jarriko den iturria hornitzeko, edateko uraren hoditeria zabaldu da. Proiektua Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, 327.388,49 euroko aurrekontuan.
Jostun kalean, aurki
Kirol-eremua ez da bakarrik etorriko, kontuan izanik datozen hilabeteotan hobekuntza gehiago egingo direla auzoan, aurreikuspenen arabera. Partaidetza bidezko aurrekontuen esparruan, Jostun kalean Iñude kalearekiko bidegurutzean egoteko gune bat sortzeko lanak hasi berri dira.
Orube txiki horretan bi banku eta zaborrontzi bat daude gaur egun, bai eta bi farola ere, bankuen alboan. Lekuak, gaur-gaurkoz, ez du ia erabilerarik egoteko eremu gisa. Horrela, proiektuarekin auzotarrek hiri-espazio hori erabiltzea sustatu nahi da, eta jolaserako eta egoteko leku bat irabaztea.
Horretarako, banku batzuk instalatuko dira, bai eta hiru mailako jardinera bat erdialdean. Horrela, «eremu eszeniko» bat sortuko da, inguruko herritarrek erabil dezaketena. Proiektuan sartzen da, gainera, markesina edo estalki bat instalatzea eta, haren azpian, beste hiru banku. Multzoa osatzeko, mahai bat eta hormigoizko aulkiak ere jarriko dira. Horrez gain, zaborrontzi batzuk eta iturri bat ere egongo dira.
Proiektua Urbycolan enpresari esleitu zaio. Aurrekontua 87.177,81 eurokoa da, eta exekuzio-epea, berriz, bi hilabetekoa.