Udalak IAM eraiki ahal izateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa proposamena onartu du

Irungo Udalak argi berdea eman dio hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketa-proposamen bati. Ezinbesteko urratsa da IAM Irungo Areto Moldakorra eraiki aurretik. Aldaketa-proposamenean Ficobako eremu osora zabaltzen da kirol-ekipamenduaren hirigintzako kalifikazioa.

Miguel Ángel Páez, lehen alkate orde eta Hirigintzako ordezkariaren hitzetan, urrats honek agerian uzten du udal-gobernuak irmoki jarraitu nahi duela aurrera egiten Irunen pabiloi bat izateko: «gero eta gertuago dago gure hiria IAMren egoitza izateko aukera erreala. Apustua irmoa da, eta horren erakusgarri dira hartzen ari garen erabaki azkarrak, behin betiko eraikuntza-proiektu bat izan gabe ere, prozesuak eta izapideak azkartuta eta beharrak ebatzita, Irun aukera bikain edo, agian, bakar gisa posizionatzeko».  

Ebazpen honekin, herritarrek parte hartzeko prozesua martxan jartzen da eta, aldi berean, txosten teknikoak eskatzen zaizkie inplikatuta dauden gainerako erakunde publikoei, hasierako dokumentua osatzeko eta, gerora, udalbatzak onesteko.

Norabide bakarreko prozesua

Udalak bide luzea egin du pabiloiaren proiektua erdiesteko. Aurrena, azterlan bat egin zen, erabilera askoko pabiloiaren bideragarritasun teknikoa aztertzeko eta, ondoren, hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketa idazteko lanak agindu ziren.

2024ko aurrekontuetan, 200.000 euroko partida bat onetsi zen proiektu hori idazteko. Izena duenak izana duenez, gainera, 2023an IAM Irungo Areto Moldakorra izenez bataiatu zen ekitaldi guztietara eta pertsona guztien beharretara guztiz egokitutako pabiloiaren proiektua.

Planteatutako azpiegitura 10.000 lagunentzako ekitaldiak egiteko erabili ahalko da. Kirol-ekitaldiei dagokienez, eseritako 5.000 ikuslerentzako tokia izango du.  Bidasoa KEaren partiden egoitza izatea da asmo nagusia, taldeak Europako lehiaketak jokatzeko espazio egoki baten premia baitu, eta bestetik, mugaz haraindiko kokapena duenez, ezin egokiagoa da gaur egun lurraldean antolatu ezin diren musika- eta kultura-hitzordu handiak hartzeko.

Horrez gainera, lurpeko aparkaleku bat eraikiko da. Gutxi gorabehera 700 plaza izango ditu eta, egun Ficoban daudenak batuta, ia mila auto aparkatzeko lekua egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude