Irungo Areto Moldakorra izenez ezagutuko da hirian eraiki nahi den erabilera anitzeko pabiloia

Miguel Ángel Páez jarduneko alkateak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak etorkizunean Irunen eraikitzekoa den erabilera anitzeko pabiloiaren izen eta marka irudia aurkeztu dituzte gaur. Irungo Soom Studio komunikazio agentzia arduratu da pabiloi berriaren nortasun bisuala sortzeaz.

Ekintza honen bidez, udalaren asmoa da herritarrei benetako aukera bat eskaintzea hirian erabilera anitzeko pabiloi bat edukitzeko. Barrutiak IAM izena izango du, Irungo Areto Moldakorra, eta, Bidasoa CDaren partiden egoitza izateaz gain, gaur egun lurraldean egin ezin diren musika- eta kultura-hitzordu handiak ere egin ahal izango lirateke bertan. Hala, pabiloi horretarako sortutako identitate grafikoa, hain zuzen, mota guztietako ekitaldietara eta pertsona guztietara guztiz egoki daitekeen pabiloi baten ideia da.

Miguel Ángel Páezek dioenez, “pabiloiaren proiektua gauzatzen eta forma hartzen ari da. Hasieran, azterketa teknikoak gure ustea berresten zuen, uste baikenuen Ficoba zela aukera onena diziplina anitzeko azpiegitura hori kokatzeko. Horrelako proiektu handietan hain beharrezkoa den erakunde arteko lankidetza ere fruituak ematen ari da, eta esan dezakegu Irun leku onenean dagoela esparru hori edukitzeko. Orain, izen bat jarri diogu, herritar guztien buruan gera dadin, eta urrats sendoak egiten jarraituko dugu hirirako proiektu estrategiko berri baterantz”.

Bere aldetik, Soom Studio estudioko Jon Sampedrok markaren garapena azaldu du: “ondo zahartuko den marka bat bilatu dugu, izan ere, orain jaio da, baina bide luzea du egiteko; marka malgua da, pabiloi honen bereizgarri den moldagarritasuna kontuan hartzen duena; marka garbia da, benetan garrantzitsua dena aretoaren barruan gertatuko delako; eta gainera Irungo etorkizuneko azpiegitura nazioartekotu eta kanpora proiektatzen duen marka da”.

Prozesu geldiezina

Azken mugimendu horretaz gain, udalak zenbait urrats egin ditu pabiloiaren proiektua lortzeko: lan teknikoa enkargatu da, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra aldatu da (dagoeneko, kirol-ekipamenduaren hirigintza-kalifikazioa jasotzen du eremu horren zati batean) eta proiektua idazteko 200.000 euroko partida bat esleitu da 2024ko aurrekontuetan. Gogoan izan behar da foru-kontuek ere hainbat urtetarako 14 milioi euroko partida bat dutela azpiegitura berri horretarako. Horietatik, 50.000 euroko ekarpena izango da hurrengo urtean.

Aurreikusten da instalazioan 10.000 lagunentzako ekitaldiak egin ahal izango direla, baita 5.000 ikuslerentzako estalpeko kirol-partidak ere. Gainera, 700 bat ibilgailurentzako lurpeko parking bat ere edukiko du, eta Ficobako bertako aparkalekuak gehituta guztira, aparkatzeko ia 1.000 toki izango lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude