Irunek Ficobako aparkalekuan erabilera anitzeko pabiloi bat eraikitzeko beharra defendatzen jarraitzen du

Urte hasieran, Irungo Udalak Ficobako egungo parkingean erabilera anitzeko pabiloi bat eraikitzeko aukerei buruzko azterlan bat egin zuen. Bada, dokumentuaren arabera, Ficobako parkinga egokia eta aproposa da bertan diziplina anitzeko instalazio bat kokatzeko eta, horrela, Bidasoa KEaren beharrei (Europa mailako partidak antolatzeko eskakizunei) erantzuteko eta egun Gipuzkoan tokirik ez duten lehen mailako musika eta kultur ikuskizunak antolatzeko.

Irungo alkate José Antonio Santanok hainbat erakunderi helarazi dizkie azterlanaren lehenengo ondorioak, Irunen horrelako instalazio bat eraikitzeko laguntza lortu nahian. Haren hitzetan, “5.200 lagunek ere eserita ikusteko kirol ekitaldiak antolatzeko erabil liteke, eta harmailak jaso eta zutikako 10.000 lagunentzako pista bat izateko”. Lehenengo azterketek ia 700 ibilgailurentzako lurpeko aparkaleku bat ere hartzen dute barnean. Horrela, Ficobako kanpoko eta lurpeko aparkalekua ere kontuan hartuta, guztizko toki kopurua 1.000 baino dezente handiagoa izango litzateke.

Aipatutako atariko azterketak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatu beharra aipatzen du, eta, ildo horretatik, Udalak dagoeneko enkargatu du aldaketa. Izan ere, egun indarrean dagoen planak kirol ekipamendutarako kalifikazio urbanistikoa egokitzen dio aipatutako espazioaren zati bati, baina, instalazioa antolamenduarekin bat etorriko bada, kalifikazio hori hedatu beharra dago.

Gipuzkoaren 14 milioi

Santanok argi izan du beti: proiektuak, Bidasoa KEaren beharrei ez ezik, Gipuzkoan 10.000 lagunentzako ikuskizunak antolatzeko eskakizunei ere erantzun diezaieke –gaur egun, Bilbon edo Iruñean ikusi behar dira horrelakoak–. Horregatik, hasiera-hasieratik, Udala erakundeen arteko elkarlana lortzen saiatu da, maila guztietan, eta, oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuek pabiloia instalatzeko 14 milioi eurotik gorako urte anitzeko kontu sail bat hartzen dute barnean, eta haren barruko lehenengo ekarpena datorren urtean bertan egingo da, 50.000 euro jarrita. Santanok adierazi duenez, “oso albiste ona da, eta hau kontu serioa den bermea, baina lanean jarraituko dugu, beste erakunde eta entitate publiko eta pribatu batzuen ekarpen eta finantzabide gehiago erakartzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude