139 zuhaitz landatuko dira aurtengo neguan Irunen

Zuhaitzak herritarren interesa pizten duten gai nagusietako bat direnez, gaur, Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabal Sarjia parkean izan da, Irungo zuhaitzen ezaugarri orokorren eta Udalak haiek zaintzeko egiten duen lanaren berri emateko. 2023. eta 2024. urteen arteko udan hirian 139 zuhaitz landatu direla jakinarazi du, oraindik kanpaina martxan dagoen arren.

Ordezkariaren esanetan, “Udalak hiriko zuhaitzen kudeaketa integral eta jasangarrirako zerbitzu bat du, eta, horri esker, hiriko zuhaitzak osasungarri daude, eta zuhaiztiak etengabe hazten dira. Era berean, haren bidez, herritarrek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bitartez aurkezten dituzten abisu, kexa eta iradokizunei erantzun diezaiekegu, egunero”.

Gaur egun, Irungo Udalak badu hiriko zuhaitzak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kontratu espezifiko bat, urtean 306.000 eurokoa. Gainera, beste 25.000 euro jartzen ditu zuhaizti berrietarako zuhaitzez hornitzeko, eta, partaidetza bidezko aurrekontuaren barruan, beste 100.000 euro jartzen ditu.  “Jakitun gara zuhaitzek ingurua edertzeaz gain airearen kalitatea hobetzen dutela, itzal egiten dutela, kutsadura murrizten dutela, biodibertsitatea areagotzen dutela eta hirietako tenperatura jaitsarazten dutela. Bada, horretarako, beharrezkoa da Udalak ahalegina egitea eta konpromisoa hartzea”, azaldu du Olazabalek.

2014an, Irungo Udalak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen, hiriko zuhaitzen egoera aztertu, ebaluatu eta baloratzeko eta, horrela, haien kudeaketa optimizatzeko. Plan horrek zerbitzu espezifiko bat kontratatu beharra xedatu zuen, zuhaitzak etengabe hobetu eta zuzentzeko neurriak eta hiriko zuhaiztiak iraunkorrak izateko beharrezkoak ziren mantentze protokoloak ezartzeko. Horrela, 2017an, lehenengo kontratua egin zen, zeinak lau urte iraun zuen, eta, gero, 2022an, beste kontratu bat sartu zen indarrean.

Kontratu horrek 15.000 ale inguru hartzen ditu barnean, erdigunekoak zein auzoetakoak, eta jarduketa hauek xedatzen ditu haiek kudeatzeko:

  • Mantentze lanak (inausketa, ureztapena, txorkoen mantentzea, borroka biologikoa, mozketa, motzondoen erauzketa…)
  • Zuhaitz berriak landatzeko eta zaharrak ordezkatzeko lanak
  • Ikuskapen lanak, zuhaitzen garapenaren fase guztietan, prebentzio lanak egin beharko balira ere
  • Informazio geografikoko sistema baten bidez zuhaitzen inbentarioa eguneratzeko lanak
  • Arriskua kudeatzeko lanak, arriskuan dauden zuhaitzak xeheki aztertu eta analizatzeko lanak barne

15.000 zuhaitz

Irunen 15.000 zuhaitz inguru daude, familia, genero eta espezie desberdinetakoak. Genero nagusia platanoak dira: 1.755 unitate eta hiriko zuhaitz guztien % 11,38. Batzuk eite erdi naturalekoak dira, hala nola Puiana eta Elizatxo hiribideetakoak eta Urdanibia Berrikoak, eta beste batzuk, sahats buru formakoak, hala nola Urdanibia eta Zabaltza plazetakoak, ospitale zaharrekoak, Salís hiribidekoak eta Junkal elizaren ingurukoak.

Familia nagusia, berriz, betulazeoak dira: hiriko zuhaitz guztien % 16. Alnus, Betula, Carpinus, Corylus eta Ostrya generoek osatzen dute, eta horien artean nagusia xarma da: gaur egun, 1.037 unitate daude inbentarioan.  Besteak beste, Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideetan eta Argentinar Errepublika eta Lapurdi kaleetan daude xarma ilarak.

Errosazeoak ere ugari dira hirian, hala nola sagarrondoa, udareondoa eta aranondoa, eder-ederrak berauek udaberrian loretan direnean, Iparralde eta Euskal Herria hiribideetan eta Telleria eta Altzukaitz besteak beste, baita likidanbarra, lizarra eta ezkia ere.

Inausketa kontrolatua

Ingurune naturalean hazten diren zuhaitzek ez dute inausketa beharrik. Inausketak zauriak sorrarazten ditu, eta zauriek onddoen kolonizazioa areagotzea ekar dezakete, eta zuhaitzek etorkizunean arazoak izatea.

Horregatik, Udalak irizpide hauek aplikatzen ditu hiriguneko eite (erdi) naturaleko zuhaitzak inausteko:

  • INTERFERENTZIAK (zuhaitz jakin baten egitura muga batzuen barruan sartzea eta zuhaitzen arteko eta zuhaitzen eta inguruko seinale, semaforo, eraikin eta azpiegituren arteko gatazkak minimizatzea)
  • SEGURTASUNA, ibilgailuena zein oinezkoena (egoera txarrean edo hilik dauden adarrak ez erortzea)
  • FORMAZIOA (ale gazteak formatzea)

Horrela, zuhaitzei hosto edo fruituak erortzea eta zuhaitzek bistak ezkutatzea, itzal egitea edo izurri edo gaixotasunen bat izatea ez dira hartzen haiek inausteko arrazoitzat.

2023 eta 2024 arteko neguko inausketa kanpaina urtarrilean hasi zen, eta, haren barruan, 1.055 ale inguru dira inaustekoak; bostehun, forma kontrolatzeko, Urdanibia plazan, Junkal elizaren inguruan eta Salís hiribidean besteak beste. Eite (erdi) naturaleko zuhaitzei dagokienez, hogei segurtasun arrazoiak direla-eta inausiko dira; 450, interferentziarik ez izateko; eta 85, forma kontrolatzeko.

Azken batean, helburua zuhaitzen eta hiriko elementuen (fatxaden, seinaleen, semaforoen, jabetza pribatuen…) artean ahalik eta interferentzia gutxien izatea da, zuhaitzek enbarazu ez egiteko.

139 zuhaitz landatuko dira

Oro har, zuhaitzak neguan landatzen dira, hosto erorkorreko zuhaitzek hostoak galdu dituztenean. Orduan, mintegiek errazago manipula eta erauz ditzakete.

2023 eta 2024 arteko neguko landaketa kanpainaren barruan, lehenbizi, urrian, 94 ale eskatu ziren, eta, gero, urtarrilean, beste 45.

Kanpaina martxan dago, eta oraindik ez da bukatu. Landaketa lanak bukatzen direnean, inbentarioa eguneratuko da.

Ekimen pedagogikoak

Hiriko zuhaitzak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko zerbitzuak ekimen pedagogikoetan laguntzen du:

Haur eta Nerabeen Planaren esparruan, Gazteria Arloak Irungo ikastetxeetako ikasleekin lan egiten du. Aurten, adibidez, Eguzkitza HLHIko talde batekin landaretzaren inguruko gaiak lantzen ari da: hiriko zuhaitzen garrantziaren gaineko kontzientziazioa; hiriko zuhaitzen katalogoa, haiei buruzko informazioa barne; eta loreen landaketa zelaietan.

Berriki, Mendibil parkeko aleak zer espezie eta jatorritakoak identifikatzeko hogei kartel jarri dira: espeziearen izen arrunta eta, azpian, izen zientifikoa eta jatorria.

Hiriko ikastetxeetako ikasleak Meakako udal mintegira joateko irteerak antolatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude