Lapurriturrik zuhaitzak ezagutzeko irteera antolatu du abuztuaren 26rako

Lapurriturriko informazio puntuak “Zuhaitza, gure laguna” jarduera antolatu du abuztuaren 26rako. Ekintza horretan parte hartzaileek Lapurriturri inguruko zuhaitzak deskubrituko dituzte, oinez egingo duten ibilbide baten bidez. 11:00etan hasiko da irteera, Lapurriturriko informazio puntuan bertan.

Jardueran parte hartzen dutenek bertako espezieak eta berauen ezaugarriak deskubrituko dituzte, bertatik bertara: zer-nolako informazioa ematen duen enborrak, zer espezie diren sendagarriak, zer kondaira existitzen diren zuhaitzei buruz… Era berean, zuhaitzen eta klima aldaketaren arteko harremana aztertuko dute. Gainera, behin jarduera burututa etxean zuhaitz bat landatzeko informazio fitxa bat jasoko dute.

Jarduera nahi duten herritar guztientzat da, eta, bereziki, 8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzat. Izena emateko, interesdunek 010 telefonora deitu behar dute, edo www.irun.org webgunean sartu, abuztuaren 23a baino lehen.

Lapurriturri, bizi-bizi

Aurten, Lapurriturriko informazio puntua maiatzaren 28an jarri zen martxan, gure ingurune naturaleko hegaztien aniztasuna ezagutarazteko irteera batekin. Azken jarduera, berriz, abuztuaren 5ean izan zen: “Fosilak ezagutzen”, Lapurriturri inguruko fosilak deskubritzeko irteera bat. Gainera, udan bertan eta udazkenean, beste irteera batzuk egingo dira Lapurriturriko ingurune naturalean. Informazio puntuak betiko orduetan emango du arreta: ekainetik urrira bitarteko asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Lapurriturriko informazio puntua

Lapurriturriko informazio puntuak hamabost urte baino gehiago darama bisitariei parkea ezagutarazten, eta, udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, informazioa eman ere egiten du, paperean, baita azalpenak ere, gidari baten bitartez, naturaguneari berari buruz, bost ibilbide tematikoei buruz (elurzuloei, meatzaritzari, ikazkintzari, gerrei eta flora, fauna eta urari buruz) eta inguruko eskaintza turistikoari buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude