Gaur, Irungo alkate José Antonio Santano Arartekoak ezagutarazitako albiste bat aipatu du: Arartekoa Frantziako eta Europako arartekoekin harremanetan jarri da. Hain zuzen ere, Manu Lezertuak gaur jakinarazi duenez, idazki bana bidali die Frantziako eta Europako bere homonimoei. Aurrez, uztailaren 7ko elkarretaratzean parte hartu zuen, eta José Antonio Santanorekin berarekin bildu zen, Frantziak bere kasa Bidasoa gaineko pasabidea itxi izanari buruz mintzatzeko.
“Eskerrak eman nahi dizkiot Arartekoari, gai honetan inplikatzeagatik eta Frantziako eta Europako arartekoen aurrean zuzemenak egiteagatik. 2021ean zubia itxi zenetik, Europan libre zirkulatzeari buruzko nazioarteko akordioak urratzen ari direla salatu dugu, eta pozten gara gaia azkenean Europako Batzordearen esku geratzeaz”, ziurtatu du Santanok.
Izan ere, Arartekoaren bulegoak jakinarazi duenez, Europako Arartekoaren Bulegoak salaketa tramitatzea onartu du. Bruselaren jakinarazpenaren arabera, oraingoz, informazio eskaera bat egin zaio Europako Batzordeari, hura baita Schengengo Hitzarmenaren arauak alde batera utzita mugak ixteko oniritzia emateko ardura duen organoa.
Orain, Arartekoa Europako Batzordearen erantzunaren zain dago, eta Europako Arartekoak erantzun hori ikusita hartzen duen erabakiaren zain.
José Antonio Santanoren hitzetan, “gure ustez, albiste ona da Europak itxieran arreta jartzea, eta espero dugu laster berri onak izango ditugula: zubia berrirekiko dela eta zirkulazioa normaltasunera itzuliko dela, bi herrialdeen arteko gainontzeko pasabideetakoa bezalakoa izango dela”.
Gogoan izan beharra dago Avenida zubia Frantziarena dela eta herrialde hark 2021eko urtarrilean itxi zuela. Ordutik, itxita egon da, 2023ko uztailaren 3an izan ezik, Frantziako Tourreko etapa batek Bidasoko muga gurutzatu baitzuen. Horrela, uztailaren 7an, Irungo eta Hendaiako alkateek elkarretaratze batera deitu zuten, itxitako pasabidearen bi aldeetan, berrirekin zedin eskatzeko, eta, 2021etik hona, José Antonio Santanok hainbat bilera egin ditu eta hainbat idazki bidali dizkie Frantziako eta Espainiako agintariei, zubia berrireki dadin erreklamatzeko.