José Antonio Santano Irungo alkateak gutun bat igorri du Presidentzia Ministerioaren mendeko Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzara. Avenida zubia ofizialki «Memoria demokratikoaren gunea» izendatzeko Udalaren eskaeraren berri eman du.
Urrats horrekin, alkateak jarraipena ematen dio aurreko otsailean Fernando Martínez estatu-idazkariarekin izandako enkontruari. Irunen egin zen Memoria Demokratikoaren Estatuko Kongresuan hitz egin zuten biek, eta aukera hori mahai gainean jarri zen dagoeneko.
«Leku sinbolikoa da», adierazi du Santanok. «Bidasoa gaineko zubi horrek oso ondo laburbiltzen du gerratik ihesi joan behar izan zuten milaka pertsonaren sufrimendua. Baina, beste ikuspegi batetik, gurari bat ere izan da, nolabait, urte askoan oso gertu ikusten genuen Europa horrekin lotzen gintuen topagunea. Zubiak elkartzen gintuen Hendaiako bizilagunekin, eta inoiz libertatea eta demokrazia berreskuratzeko nahia ere irudikatzen zuen. Guretzat, zubiak bi irakurketa horiek dauzka eta horregatik interesa adierazi nahi dugu Irunentzat hain garrantzitsua den zubi hori Memoria demokratikoaren gune bilakatzeko ofizialki. Aukera hori Memoriaren Legean jasota dago».
Mende batetik gorako historia
Avenida zubia duela 100 urte baino gehiago eraiki zen Irun eta Hendaia arteko komunikazioa hobetzeko, Midi geltokitik ahalik eta gertuen. 1936an, askatasunaren bidea bilakatu zen 1936ko estatu-kolpearen basakeriatik ihesi zihoazen irundarrentzat eta kanpotarrentzat. Bertan hasi zen erbesteratu ugarirentzat indar frankistengandik ihes egiteko ibilbide luzea, esate baterako, 1936ko irailaren 4an hiria suntsitu zuen sutetik ihesi zihoazen milaka eta milaka irundarrek.
Ahaztezinak dira irudiak: haurrak, helduak eta adinekoak ihesean, lastairak eta, poltsetan, sua zabaldu aurretik etxeetatik salbatu ahal izan dituzten gauza urriak eramaten.
Espazioak sinbolismo berezia du Kataluniako memoriarentzat ere, bertan entregatu baitzion Gestapok Espainiako poliziari Lluis Companys i Jover, Errepublika garaian Generalitateko presidente izandakoa. Gerora Montjuic-eko gazteluan fusilatuta hil zuten.
«Zubi hori, beraz, gure historiaren garai ilunenetako baten lekuko da, eta gure herrikideek pairatutako indarkeriaren eta askatasunaren aldeko borrokaren testigantza ematen du. Nire iritziz, Avenida zubiaren historiak eta sinbolismoak bat egiten du memoria demokratikoaren guneen definizioarekin, Memoria Demokratikoaren urriaren 19ko 20/2022 Legearen 49. artikuluan jasotakoaren arabera. Memoriaren gune izendatuta, Avenida zubia sufrimendu eta aukeraren topagune gisa geratuko da guztion memorian» esaten du alkateak gutuna amaitzeko.