Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikanoen Elkarteak deportatuak izan ziren irundarrak omendu nahi ditu

Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikanoen Elkarteak omenaldi bat egin nahi die demokrazia defendatzeagatik 1940 eta 1945 artean deportatuak izan ziren irundarrei. Horretarako, panel batzuk jarri dira Luis Marianoko lorategietan, pertsona horien guztien izenak jasotzeko. Apirilaren 29tik maiatzaren 7ra bitartean egongo dira ikusgai.

Maiatzaren 5ean, Espainiako Gobernuak ezarritako egun bat ospatzen da: Mauthausenera eta beste kontzentrazio-esparru batzuetara deportatutako eta hildako espainiarrak eta nazismoaren Espainiako beste biktima guztiak omentzeko eguna. Izan ere, 1945ean egun horretan askatu zuten aliatuek Mauthauseneko esparrua.

Berrehun euskal herritarrek baino gehiagok pairatu behar izan zuten deportazioa 1940. eta 1945. urteen bitartean, aurreko urteetan demokrazia babesteagatik, hau da, Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako Bigarren Errepublikaren alde egiteagatik.

Testuinguru historikoa

Gerra zibila izan zen euskal herritarrak Hirugarren Reicharen kontzentrazio-esparruetara eramango zituen bidearen jatorria eta kausa.

Indar frankistek Katalunia okupatu zutenean, milioi erdi pertsonak erbesterako bidea hartu zuten, Iberiar penintsulako historiako erbestealdirik handienean. Horien artean, Errepublikaren armadan borrokan aritutako 6.000 gizon euskaldun zeuden.

Erbesteratu haiek Frantziara iritsi zirenean, esparruetan sartu zituzten Argelès-sur-Mer herriko hondartzetan eta beste batzuetan, muturreko baldintzetan; apirilean, gehienak Gurseko esparrura eraman zituzten, Behe Pirinioetan.

Frantziako gobernuak lortu zuen erbesteratuen erdiak Espainiara itzultzea, azkenean. Beste herrialde batzuetara joateko aukera ere erraztu zuen, hala nola Ameriketara. Beranduago, erbesteratuei nekazaritzan edo industrian lan egiteko baimena ere eman zien.

1939an Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, egoera goitik behera aldatu zen; eta erbesteratuei presio egin zieten Frantziako armadan sar zitezen. Horietako askok langile atzerritarren konpainietan eman zuten izena. Lantalde horiek laguntza ematen zioten Frantziako armadari fortifikazio-lanetan.

1940an, baina, dena aldatu zen, armada alemanak Frantzia mendean hartu zuenean. Ia hiru milioi soldadu preso hartu zituzten, eta horien artean bazeuden euskal herritarrak ere. Preso horiek Stalag delakoetara eraman zituzten: jurisdikzio militarraren araberako esparruak ziren, soldadu presoentzat, eta Alemania guztian barrena sakabanatuta zeuden.

1940ko abuztuan hasita, espainiar nazionalitateko presoak besteengandik bereizten hasi ziren, eta SSen esku uzten. Gerra-presotzat hartzeari utzi zioten alemanek, eta «deportatu politiko» izatera pasatu ziren (Rotspanienkämpfer).

Ramón Serrano Suñer Gobernazioko ministroak Berlinera eginiko bisitarekin bat egin zuen estatus-aldaketa hori egiteko aginduak. Ez da frogatu Espainiako gobernuaren zuzeneko inplikazioa, baina bai agintariek deportatutako espainiar errepublikanoei gertatzen ari zitzaienaren berri zutela.

Deportazioa 1940ko abuztuaren 6an hasi zen, orduantxe iritsi baitziren lehen presoak Mauthausenera, eta 1945eko maiatzaren 6an amaitu zen, egun horretan askatu baitzuten azken taldea, Ebensee kontzentrazio-esparru satelitean.

Deportazio horretan, bi fase bereizten dira:

  • Lehen fasean (1940-1942) Frantziako armadan sartu ondoren preso egindako euskal herritarrak deportatu zituzten. Mauthausenera bidali zituzten. Kontzentrazio-esparru horren ezaugarri nagusia zen atea zeharkatzen guztiak hil behar zirela, esperantzarako tarterik ez zegoen, beraz. Lehen faseko deportatuen profil horretan bada, ordea, salbuespen bat: bederatziehun errepublikano espainiar inguru Mauthausenera zeramatzan konboi bat. Bertara iristean, 14 urtetik gorako gizonak jaitsarazi zituzten, eta emakumeak eta haurrak Irun eta Hendaia arteko mugara bidali. Konboi horretan euskal herritar talde bat zegoen, eta horietako hamaika gizon deportatu zituzten.
  • Bigarren fasean (1942-1945) naziak erresistentziako kideak deportatzen hasi ziren. Alemanen okupazioaren kontra borrokan zebiltzan nazionalitate askotako borrokalariak ziren. Hirugarren Reichak Sobiet Batasunari eraso egin zion 1941eko ekainean eta, ondorioz, Europa osoko komunistek nazien kontra ekin zioten, eta okupazio alemanaren kontrako erresistentzia sustatu zuten. Kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten euskal herritarrei dagokienez, Frantziaren okupazioaren ondotik askotariko erresistentzia-ekintzak gauzatu zituzten pertsonak ziren. Helmugako esparruei dagokienez, Mauthausenez gain, baziren beste batzuk ere, nabarmenenak Buchenwald, Dachau, Neuengamme, Ravensbrück edo Sachsenhausen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude