Irunek memoria demokratikoari buruzko kongresua hartuko du otsailaren 27tik martxoaren 2ra

Memoria Historikorako Zerbitzuak hilabeteak darama memoriaren inguruko askotariko jarduera eta proiektuak antolatzen irundarrentzat, hiriaren historia jendarteratzeko eta herritarren begien bistan jartzeko.

Kasu honetan, Santi Jiménez ordezkariak gaur goizean iragarri duenez, Irungo Udalak jauzi kualitatiboa egin, eta, otsailaren 27tik martxoaren 2ra bitartean, Ficobako auditorium nagusian, memoria demokratikoari buruzko estatu mailako kongresu bat antolatuko du, “gaiari buruzko esparru akademikoko Estatuko aditurik onenak bilduko dituena. Lau egun iraungo dute jardunaldiek, eta 1936ko gerraren testuinguruan, errepresio frankistaren adierazpen guztietan, gerraren eta gerra ondoko diktadura frankistaren gaineko genero ikuspegian eta elkarte memorialisten mugimenduan sakonduko dugu”, azaldu dute Memoria Historikorako Bulegoko arduradunek.

«Irunek zor historikoa du memoriarekin. Pozik gaude kongresu hau antolatuta, ahaztu behar ez dugun eta sekula errepikatu behar ez den gure hiriko eta gure herrialdeko garai bat argitzeko. Akademikoen laguntzaz, gure arbasoek pairatu zuten errealitate latza irudikatuko dugu. Historiari buruz apur bat ikasi nahi duten guztiei luzatzen diegu parte hartzeko gonbita», esan du ordezkariak.

Hainbat unibertsitatetako hogei hizlari inguruk parte hartuko dute ekitaldian, eta, inaugurazio ekitaldian, Irungo alkate José Antonio Santano eta Memoria Historikorako ordezkari Santi Jiménez ere izango dira, Memoria Demokratikorako estatu idazkariarekin batera.

Ficobako auditoriumak 200 pertsona kabitzen ditu, eta sarrera doakoa izango da. Hona hemen egitaraua:

Otsailak 27, astelehena

  • 11:00 – Kongresuaren hasiera
  • José Antonio Santano, Irungo alkatea
  • Santi Jiménez, Irungo Udaleko Memoria Historikorako ordezkaria
  • Fernando Martínez López, Memoria Demokratikorako estatu idazkaria
  • 12:00 – “Memoria Demokratikoaren Legea”
  • Mauricio Valiente, giza eskubideetan espezializatutako abokatua
  • 13:15 – “Gerra Euskadin 1936 eta 1937an”
  • Pedro Barruso, Historiako doktorea

 

Otsailak 28, asteartea

  • 09:45 – “Suntsitu zuten, baina ez zen desagertu. Albaterako esparrua, arkeologia eta kontzentrazio paisaia baten memoria Espainiako Gerra Zibilaren eta gerraostearen testuinguruan”
  • Felipe Mejías, proiektu arkeologikoaren zuzendaria
  • 11:00 – “Homosexualitatea frankismoan: 40 urteko errepresioa eta erresistentzia”

o   Fernando Olmeda, idazle eta kazetaria

  • 12:15 – “Frantzia, 1939: erbestealdi luze baten hastapenak”
  • Josu Chueca, EHUko irakasle titularra
  • 13:15 – “Funtzionarioen garbiketa, errepresio sistematiko eta iraunkorra (1936-1978)”
  • Aritz Ipiña, EHUko Historia Garaikideko doktorea
  • 16:45 – “Bortxazko lanak frankismoaren pean: historia eta memoria politikak”
  • Fernando Mendiola, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtseko zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
  • 18:00 – “Euskaldunen deportazioa esparru nazietan”
  • Etxahun Galparsoro, EHUko historialaria

 

Martxoak 1, asteazkena

  • 11:00 – “Emakumeen egoera juridikoaren aldaketak Errepublikaren eta frankismoaren artean eta errepresio eta doktrinamendu erakundeak” (zehaztu gabe).
  • María José Villa, EHUko Historiako doktorea
  • 16:45 – “Generoa eta errepresio frankista Euskadin: fusilatutako eta kartzelatutako emakumeak”
  • Jon Penche, Antón Pérez Enbeita eta Aritz Onaindia, EHUko Historia Garaikideko doktoreak
  • 18:00 – “Errepresioa Saturrarango eta Zornotzako emakumeen kartzeletan”
  • Ascensión Badiola, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Historiako doktorea

 

Martxoak 2, osteguna

  • 11:00 – “Elkarte memorialistak (III). Ikerketa ildoak eta ibilbidea”
  • Archivo, Guerra y Exilio
  • 12:15 – “Errepresio frankistari buruzko datu baseak: Memoriaren Nafarroako Institutuko Memoriaren Dokumentazio Zentroko Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtsak garatutako metodologia”
  • Fernando Mendiola, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtseko zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea
  • 16:45 – “Elkarte memorialistak (II). Ikerketa ildoak eta ibilbidea”
  • Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan
  • 18:00 – “Elkarte memorialistak (III). Ikerketa ildoak eta ibilbidea”

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude