Amaitu dira Stadium Gal berritzeko lanak

Astelehen honetan, Irungo alkate José Antonio Santano eta Kiroletako ordezkari Borja Olazabal, Real Unióneko presidente Igor Emeryrekin batera, Stadium Galen izan dira, instalazioak berritzeko lanen emaitzak ikusten. Izan ere, zelaiak itxura berria du orain, eserlekuak instalatu eta ordezkatu eta margotze lanak egin baitira.

Alkateak zioen moduan, «Udala da instalazioaren titularra, eta estadioa hobetzeko lanak egin ditu, klubarekin batera. Segurtasuna indartu behar zen, prestazioak zabaldu behar ziren eta erosotasuna hobetu behar zen. Zaleek Irunen jokatutako Ligako azken partidan ikusi ahal izan zuten, eta, orain, estadioaren itxura berriaz gozatzeko garaia da, eta, ahal dela, baita lorpen berriez ere. Galek behar zuen, eta ziur nago partida egunetan giro handiagoa izaten lagunduko duela”.

Zehazki, tribunako eserlekuak ordezkatu dira, eta eserleku berriak instalatu ateen atzean; guztira, 4.000 jarleku estreinatu ziren Ligako azken partidan, zeina Uniónek eta Intercityk jokatu zuten. Era berean, pintaketa lanak egin dira, estadioari beste itxura bat emateko: zuriak ziren eserlekuak beltzak dira orain, eta harmailetan “Real Unión Club Irun” esanez gainjarri diren letrak, zuriak; bestalde, eskailerak horiak dira, armarriaren koloreen ildotik.

Igor Emery Real Unióneko Administrazio Kontseiluko presidentearen esanetan, “aldaketa beharrezkoa zen; batetik, jokatzen dugun kategoriaren berezko eskakizun batzuk betetzen joan behar dugulako eta, bestetik, gure estadioak, gure etxeak, gure erakargarri nagusietako bat izan behar duelako. Alde horretatik, oso pozik gaude egindako lanen emaitzarekin, MolcaWord koordinatuta eta taldeko arduradunok, administrazio kontseilu honek kargua hartu zuenetik egin dugun bezala, pixkana-pixkana gauzak hobetzeko lanean jarraituko dugu”.

Azkenik, tribuna nagusian, futbola Irunera iritsi zen urtea jarri da, 1902; alboetako dorreak grisez margotu dira; eta, hondoetan, beste elementu berri batzuk gehitu dira, taldearen ehun urtetik gorako historia nabarmentzeko: ate batean, irabazitako tituluen urteak eta kopen marrazkia, eta, bestean, banatua delakoan, “Gu ere txuribeltz” leloa, eta, haren alde banatan, “Aupa Unión”. Irungo Udalak 250.000 euroko diru-laguntza eman du lanak egiteko.

Hurrengo urratsa

«Lan hauek garrantzitsuak ziren, baina funtsezko alderdi bat falta zaigu oraindik: guztion irisgarritasuna bermatzea», esan du alkateak. Santanok bisitan iragarri duenez, Udalak igogailu bat instalatzeko proiektua enkargatuko du mugikortasun murriztuko pertsonak estadiora errazago sar daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude