300 lagunetik gora bildu ditu Santiagotarrakek denboraldi berriaren aurkezpenean Ficoban

Santiagotarrak Kirol Elkarteak 2026-2027 denboraldiko taldeen aurkezpen ofiziala egin du larunbatean, azaroak 21, Ficoba Auditorioan. Amaiur De Miguelek gidatutako ekitaldiak 300 lagunetik gora bildu ditu —kirolariak, familiak, bazkideak, babesleak eta udal ordezkariak barne—, eta ia 60 urteko historia duen Irungo klubaren etorkizuneko erronkak marrazteko balio izan du.

Koldo Laguardia klubeko presidenteak duela bi hilabete eratutako zuzendaritza berria aurkeztu du —hamaika lagun baino gehiagok osatua—, eta aurreko zuzendaritzaren, teknikarien, babesleen eta bazkideen lana eskertu du. Halaber, Irungo Udalaren babes historikoa nabarmendu du, eta Cristina Laborda alkateak berak itxi du hitzaldien txanda, klubari laguntzen jarraitzeko borondatea berretsiz.

Dragoi-ontziaren aurkezpena

Denboraldiko berritasun nagusia dragoi-ontziaren aurkezpena izan da, Irungo Udalaren laguntzarekin erositako eta bokazio sozial zein inklusibo nabarmena duen arraun kolektiboko modalitatea. Aurkezpeneko unerik hunkigarriena Bea Bengoechea jardueraren koordinatzaileak eta Kris Isuskizak eskaini dute; biek bularreko minbizia bizi izan dute, eta naturaltasunez azaldu dute dragoi-ontziak nola lagundu dien kaltetutako eremua indartzen eta bizi-kalitatea hobetzen. Laster ate irekiko jardunaldiak egingo dituztela iragarri dute, interesa duen edonor klubera hurbil dadin.

Bestalde, Pista (Marina Abad), Arrauna (Julen Beltran) eta Ur Biziak (Aritz Dorronsoro) sekzioek denboraldiaren errepasoa egin dute. Bereziki nabarmendu dute Ur Biziak sekzioaren maila bikaina —Oier Diazek 2025eko uztailean lortutako junior mailako munduko txapela eta Espainiako selekziorako deitutako zazpi kirolarien lana gogoratuz—, baina Laguardia presidenteak mahai gainean jarri du San Migueleko instalazioen egoera, taldeak aldagela egokirik eta dutxarik gabe entrenatzen jarraitzen baitu eta hango proiektua oraindik osatzeke baitago. Klubaren ereserkiarekin eta kategoria guztietako kirolariak bildu dituen familia-argazkiarekin eman diote amaiera ekitaldiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude