
Oier Díaz Santiagotarrak klubeko piraguistak Munduko Slalom Txapelketan bere onena eman zuen. Junior mailako C1 kategorian munduko txapeldun bihurtu zen eta etxera urrezko dominarekin itzuli zen. Horretaz gain, brontzezko eta zilarrezko dominak lortu zituen C1 eta K1 patruiletan.
Munduko Txapelketan lehiatzeaz gain, txapeldun izatea lortu duzu. Nola sentitzen zara?
Oso pozik nago eta hitzak falta zaizkit bizitakoa deskribatzeko. Urte gogorra izan da eta asko entrenatu dugu, eta orain emaitza ikusi da.
Horrelako zerbait lortzeko asko eta gogor entrenatu behar da, noski.
Bai, horretarako, orain dela 2 urte, 16 urte nituenean, etxetik joan nintzen La Seun entrenatu ahal izateko. Egia esan, ez da erraza etxetik kanpo bizitzea, baina merezi duela ikusi dut. Hala ere, ez nintzen bakarrik joan, lagunekin joan nintzen eta lekua ere ezagutzen nuen, beraz, alde horretatik ez da hain gogorra izan.
Nolako esperientzia da munduko txapelketan lehiatzea?
Esperientzia bikaina da. Hau niretzat Munduko hirugarren Txapelketa zen. Beraz, lehenengoa ez zenez, jada badakizu jendea nolakoa den, baita lekuak ere, azkenean horri esker asko bidaiatzen duzulako. Oso esperientzia polita da.
Munduko onenen artean lehiatzen ari zarela jakiteak aparteko presioa eragiten du?
Jende askok horrelakoetan presioa sentitzen du, baina egia esan, ez da nire kasua. Gustuko dudan zerbait egiten ari naizenez, ez dut horrelakorik sentitzen. Dena den, ez da erraza lehiatzea, urduritasunak hor daudelako, noski. 9 hilabetez horretarako entrenatzen aritu zara eta, zure helburua lortzen ez baduzu, pena sentitzen duzu.
Zer egin behar da Munduko Txapelketan lehiatu ahal izateko sailkatzeko?
Martxoan eta apirilean hautaproba nazionalak egiten dira eta bertan sailkatutako lehen 3 kirolariek lortzen dute Europako Txapelketan eta Mundialean lehiatzeko aukera.
Urrezko domina lortu aurretik, zilarrezkoa eta brontzezkoa lortu zenituen.
Hori da, astearte eta asteazkenean lortu nituen. Txapelketa olinpikoa ez denez, ez dugu aurretik elkarrekin entrenatzen. Baina oso polita da lagunekin batera lehiatzen zarelako, lorpenak partekatuak direlako.
“Oso polita da lagunekin batera lehiatzen zarelako, lorpenak partekatuak direlako”
Gero bakarka lehiatzeko unea izan zen.
Bai, hor zirkuituak ezberdinak dira, beraz, taldeko txapelketek konfiantza hartzeko balio dezakete soilik, batez ere, taldekoetan ondo ibili bazara. Lehenengo “ heats” txandan 30 kirolari sailkatzen dira eta 12 pasatzen dira finalera. Behin hor zaudela, edozer gertatu daiteke. Nire helburua domina lortzea zen, baina ez urrezkoa. Hor bai presio apur bat sentitu nuela, baina ondo joan zen.
Beraz, ez zenuen espero txapeldun izatera iristea?
Nik ondo egitea espero nuen, baina besteak ere oso onak dira. Finalaurrekoan hirugarrena izan nintzen, eta beraz domina lortzeko aukerak ikusten nituen, baina aurretik munduko 2 hoberenak nituen. Egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu. Uretatik ateratzean eta domina bat ziurtatua nuela jakitean jada ez zitzaidan batere axola eta, azkenean, urrezkoa zela jakinda, jada sekulakoa izan zen.
Nola jaso zuten lorpena zure ingurukoek?
Elkarrizketa asko egin dizkidate. Nire lagunek ere lehiaketan postu onak lortu zituzten, orduan poztasuna denon artean partekatu genuen. Gainera, itzuleran, etxeko klubean, Santiagotarrak taldean, harrera egin zidaten. Bertan ni agurtzeko elkartu ziren denak, bengala eta guzti, eta oso polita izan zen etxera iristean babes hori sentitzea.
Txikitatik argi izan zenuen piraguista izan nahi zenuela?
Ni nire anaiarengatik hasi nintzen kirol honetan, ni baino 2 urte gehiago dauzkanagatik. Etxeko igerilekuan anaia piraguan nola hasi zen ikusi nuen, Mikel Rodriguez gure bizilaguna Santiagotarrak taldeko kide zenez bertan erakutsi zigulako buruz behera ur azpira irauli eta berriz buruz gora ateratzen. Lehen gauzak igerilekuan ikasi nituen, ibaian eta klubean 6 edo 7 urterekin entrenatzen hasi aurretik.
Beraz, kirolean hasi zinenetik, 10 urteren buruan, munduko txapelketara iritsi zara.
Hori da. Txikitatik jada kirol honi esker asko bidatzeko zortea izan dut, adibidez, Sortera jada 8 urterekin joan nintzen, jendea 12 urterekin joaten den bitartean. Dena den, ez nuen espero honaino iristea. Kanpora bizitzera joateko aukera iritsi zitzaidanean argi izan nuen ezin nuela aukera hori galdu. Izan ere, La Seu d’Urgell bezalako zentroetan erreferente gehiago daude eta instalakuntza eta baldintza aldetik ere aldea nabari da. Entrenatzea gogorra den arren, instalazioak onak direnez, hau da, bertan olinpiada batzuk egin zirenez, errazagoa da dena. Urko, nire entrenatzailea zenarekin hitz egin nuen, eta berak ere aukera aprobetxatzera bultzatu ninduen.
“Egia esan, ez dut horretan asko pentsatzen, baina noski, Olinpiada batzuetan parte hartzea polita izango litzateke”

Nolanahi ere, denboraldiko erronkak ez ziren bertan amaitu. Zeintzuk izango dira zure hurrengo kirol hitzorduak?
Abuztu amaieran Eslovenian jokatuko den senior mailako Munduko Kopan lehiatuko naiz. Gero, hilabetez Australiara joango naiz Mundialean lehiatzeko. Niri bidaiatzea asko gustatzen zait, beraz, alde horretatik erraza egiten zait.
Behin Munduko Txapeldun titulua lortuta, nola begiratzen diezu hurrengo erronka horiei?
Nik jada egin beharrekoa eta gehiago egin dudala sentitzen dut, beraz, inolako helbururik gabe noa, disfrutatu nahian soilik. Gainera, senior mailan lehiatuko naiz lehen aldiz, ez dut ezer espero beraz; ahal dudan hoberen egitea eta listo.
Azken lorpenen ostean, inguruko kirolariek gehiago miretsiko zaituztela pentsatzen duzu?
Bai, hala izango dela pentsatzen dut. Niri ere berdin gertatzen zaidalako, ingurukoek zerbait garrantzitsua lortu dutela dakidanean, maila oso oneko jendearen aurka neurtzen ari naizela pentsatzen dudalako.
Azkenik, epe luzera begira, zer amets dituzu kirol arloan?
Egia esan, ez dut horretan asko pentsatzen, baina noski, Olinpiada batzuetan parte hartzea polita izango litzateke. Argi dago ez dela erraza horraino iristea, Espainian jada horretan erreferentea den norbait badagoelako, baina ikusiko dugu hurrengo urteetan zer lortzeko gai garen.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



