Ander Monserratek eta Unai Sagarzazuk Trinketeko Mundialeko txapeldunorde izatea lortu dute

Ramuntxo Trinketeko Ander Monserrat eta Kurpil kirolak elkarteko Unai Sagarzazu kirolariek Munduko Pilota Txapelketan parte hartu dute. Txapelketan zilarrezko domina eskuratu dute trinketeko gomazko paleta modalitatean Sebastian Martínezekin batera. Monserratek eta Sagarzazuk txapelketaren osteko sentsazioak azaldu dituzte.

Pozik zaudete txapelketan lortutako emaitzarekin?
Ander: Bai, egia esan, urteak daramatzagu trinketean jolasten eta azkenean txikitatik amestutako gauza bat lortu dugu, hau da, mundialeko finalera iristea. Beraz, lortutakoa izugarria eta oso polita izan da.

Zenbat denbora eman duzue txapelketa hau prestatzen?
Unai: Ekainean hasi ginen selekzioarekin entrenatzen. Egia da urte osoan zehar trinketean jokatu arren, txapelketak jokatzeko hautaketak ekainetik irailera egiten direla. Irailean jakinarazi ziguten zeintzuk izango ziren mundialean lehiatzeko aukera izango zuten jokalariak. Beraz, irailetik urrira hirurak elkarrekin entrenatzen ibili gara.

Klub ezberdinetako kirolariak izanda, zaila izan da entrenamenduak bateratzea?
Ander: Unaik esan duen bezala, ekainetik aurrera bost jokalari ibili gara selekzioarekin batera entrenatzen. Aukeratuak gu hirurok ginela jakin genuenean, entrenamenduetako prestaketa guztiz aldatu zen. Horrela, pixkanaka entrenamenduak egokitu genituen aurkarietan pentsatuz Sebasen laguntzarekin estrategia zehatzak prestatzeko.

Aurkariak ezagutzeak txapelketen prestaketan lagundu dizue?
Unai: Gure multzoan bi selekzio genituen, Argentina eta Estatu Batuak. Argentinaren aurka bagenekien ez genuela zereginik. Estatu Batuen kontra aldiz, irabazteko aukerak ikusten genituen, nahiz eta jokalariak aurretik lehenengo mailan ibilitako bi argentinarrak izan, gu baino helduagoak zirelako. Beraz, estrategia partidu luze bat jokatzea izan zen, guk irabazteko aukera gehiago izateko.

Nolakoak izan ziren finalera iritsi aurretik jokatutako bi partiduak?
Ander: Argi genuen borrokatu beharreko partidua Estatu Batuen aurkakoa zela, partida hori galduz gero txapelketa jokatzeko aukera guztiak galtzen genituelako. Horregatik, aurretik partidua oso ondo prestatzen saiatu ginen. Beraz, partida irabaztean poz handia sentitu genuen, baina ezin izan genuen gehiegi ospatu hurrengo egunean finalerdia jokatu behar genuelako. Beraz, garaipena eskuratu bezain laster hurrengo partiduan pentsatzen hasi ginen.

Finalerdian berriz, Mexikoren aurka jokatu zenuten?
Unai: Astelehenean Frantziak eta Mexikok partidua jokatu zuten eta suposatzen genuen partidu horretatik gure finalerdietako aurkaria aterako zela. Gure harridurarako Mexiko izan zen irabazlea, izan ere, Frantziaren aurka jokatzea nahiago genuelako aurkariak hobeto ezagutzen baititugu. Mexikori irabaztea lortu genuenean ere sentsazioa izugarria izan zen.

Behin bigarren postua bermatuta, nola aurre egin zenioten Argentinaren aurkako partiduari?
Ander: Mexikori irabazita behintzat bagenekien bai edo bai finala jokatuko genuela. Lehen aldiz mundialeko finala jokatzeko aukera genuen eta hori jada oso berezia zen guretzat. Izan ere, duela 30 urte jokatu zuten irundar batzuek azkeneko aldiz mundialeko final bat. Gainera, kasualitatez Unairen aita izan zen final horretan zilarrezko domina lortu zuen jokalarietako bat. Beraz, maila horretaraino iristea izuragarria da jada. Zaila izan arren, finalean ere dena eman genuen, baina dagoeneko zailena lortua genuenaren lasaitasunarekin.

Txapelketa finaleraino iristeko helburuarekin hasi zenuten?
Unai: Gure helburua beti Munduko Kopetan eta Mundialetan finalaurrekoetan sartzea izan da. Behin haraino iritsita badakizu finala jokatu edo behintzat hirugarren postua lortzeko aukera izango duzula. Finalera iristeko ilusioa beti hor dago, baina badakizu oso zaila izango dela.

Egindako lan guztiaren emaitza jasotzerakoan pozik sentitu zineten?
Ander: Bai, hilabete asko eman ditugu txapelketa hau prestatzen eta lan gogorra da. Izan ere, entrenamenduak gogorragoak dira eta familiarekin egoteko denbora gutxiago duzu. Prestaketa gogor horiek gainditu ostean horrelako garaipen garrantzitsu bat lortzen duzunean sentsazioa oso polita da.

Munduko txapelketa bukatuta, zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak?
Unai: Oraindik lortutakoa barneratzeko prozesuan gaude, baina ez dugu horretarako denbora gehiegirik izan. Oraintxe Iparraldeko Txapelketa jokatzen ari gara eta jarraian Frantziako eta Gipuzkoako txapelketak datoz. Beraz, laburbilduz, urte guztian zehar partiduak ditugu. Egia da selekzioarekin hemendik lau urte barru Argentinan San Luisen jokatuko den mundiala dugula buruan, baina momentua iritsi arte ez gara horretan pentsatzen hasiko.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude