Elene Sagardia Gipuzkoako Mahai-tenis Txapelketa Absolutuan garaile izan da. Kirolari irundarrak Leka Enea klubean hasi zuen bere ibilbidea eta orain Atletico San Sebastian taldean jokatzen du. Bere hurrengo erronkak taldea ohorezko mailan mantentzea eta Espainiako Txapelketan garaipenarengatik borrokatzea dela azaldu du Elene Sagardiak.
Nondik datorkizu mahai-tenisarekiko zaletasuna?
Txikitatik frontoian jolastea edo erraketarekin ibiltzea asko gustatzen zitzaidan. Txikitan tenisean jokatzen nuen eta uda batean amak mahai-tenisa probatzea proposatu zidan. Bi asteko ikastaro bat egitea erabaki nuen, horrela, kirola gustoko nuen edo nola moldatzen nintzen ikusteko. Ikastaroa amaitu nuenean entrenatzaileak nire gurasoekin hitz egin zuen, nire jokatzeko modua gustuko zuela esan zien. Klubean jarraitu nahi nuen galdetu zidatenean baietz esan nuen eta horrela hasi zen dena.
Ordutik hainbat mahai-tenis klubetan aritu zara, ezta?
Bai, Irungo Leka Enea klubean hasi nintzen 2014ean eta bertan jokatu nuen 2019. urtera arte. Justu orain dela bi urte, berriz, Atletico San Sebastian klubera joan nintzen.
Orain dela gutxi Gipuzkoako Txapelketa Absolutuan garaile izatea lortu duzu. Garaipena eskuratzea erraza izan da zuretzat?
Erraza ez, azken finean, pandemiarekin orain ez dugu lehen izan ohi genuen adina txapelketa. Lehen bezainbeste txapelketa jokatzen ez ditudala asko nabaritu dut eta zaila izan da berriro hastea. Beraz, horren txapelketa garrantzitsua irabazi izana pozgarria da.
Aurretik goi-mailako edo antzeko txapelketaren batean lehiatu zara?
Bai, gutxi gorabehera 4 urte daramatzat Espainiako lehenengo zortzien artean sailkatuta. Hortaz, Espainiako Selekzioarekin batera jokatu dut nazioarteko txapelketetan, Europan eta harago. Hortaz gain, Espainia maila eta bestelako txapelketak jokatu ditut.
Maila altuko txapelketetan ibili ostean, etxeko txapelketetan erosoago sentitzen zara?
Azken finean, egia da konfiantza gehiago ematen dizula. Maila altuko txapelketek esperientzia asko ematen dute.
Azken garaipenaren ostean, zeintzuk dira buruan dauzkazun hurrengo txapelketak?
Egia esan, ez dakit oso ondo zein izango den nire hurrengo txapelketa, izan ere, pandemia txapelketen egutegia hankaz gora jartzen ari da. Suposatzen da hemendik bi hilabetera Espainiako Txapelketa eta Espainiako Estatala jokatuko direla. Noski, Espainiako txapelketetan irabaztea gustatuko litzaidake, Europan jokatu ahal izateko, beraz, horretan saiatuko naiz.
Oraindik ere pandemia txapelketen egutegian aldaketa asko eragiten ari da?
Bai, gure kasuan, liga orain dela hilabete bat hasi zen eta orain hasi gara txapelketak berreskuratzen. Pixkanaka txapelketa gehiago antolatzen ari dira, baina kopurua asko murriztu da. Pandemiaren aurretik ia astebururo lehiatzera ohiturik nengoen, liga, txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta bestelakoen artean, aurten, ordea, ezin izan dugu erritmo hori mantendu.
Konfinamenduaren ostean zure kirol errendimendua azkar berreskuratu duzula uste duzu?
Konfinamenduan entrenatzea ezinezkoa izan zen. Etxean bi hilabete eman genituen jokatu gabe. Entrenamenduetara itzuli nintzenean erritmoa hartzea kostatu zitzaidala nabaritu nuen, baina, bi edo hiru asteren ostean, aurreko maila berreskuratu nuela uste dut.
Zure teknika eta jokatzeko moduan zer hobetu nahiko zenuke emaitza hobeak lortzeko?
Bai, txapelketen aurretik lasaitzea asko kostatu izan zait beti. Izan ere, oso pertsona urduria naiz eta asko mugitzen naiz. Urte asko daramat jada mahai-tenisean jokatzen baina urduritasunek hor jarraitzen dute eta horiek kontrolatzen jakitea ikasteko daukat oraindik.
Zure entrenamendu errutina asko aldatu da pandemiaren ondorioz?
Adibidez, pandemiaren aurretik set bakoitzean alde batetik bestera aldatzen ginen. Orain, aldiz, partidu guztia alde berdinean jokatzen dugu.
Mahai-tenisean aurkarien arteko distantziak mantendu arren, protokolo zorrotzak jarraitzen dituzue?
Bai, horretarako orain baino gehiago jokalarien arteko distantzia errespetatzen saiatzen gara. Hortaz gain, entrenamenduetan pertsona kopurua murriztu da, lehen 20-25 pertsona batera entrenatzen zuten, orain, aldiz, gehienez 10-15 elkartzen gara.
Kirolari dagokionez, nola begiratzen du Elene Sagardiak etorkizunera?
Nire lehen helburua gure taldea ohorezko mailan mantentzea litzateke. Aurten pertsona berri bat fitxatzea ezinezkoa izan denez, etxekoak jokatzen ari gara. Taldea maila berean mantendu ahal izatea sekulakoa litzateke. Horrez gain, Espainiako Txapelketa irabaztea edo behintzat podiumean sartzea gustatuko litzaidake. Aurten horiek dira nire helburuak eta datorren urtean ikusiko dugu zer gertatzen den.
Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.