Bidasoa XXI klubeko nesken senior taldeak Euskal Herriko Kopa irabazi zuen otsailaren 25ean. Bidasoako neskek Eibarreko Urbat taldea garaitu zuten Donostian jokatutako finalean. Iraia Oskila eta Paula Aragón Bidasoa XXI klubeko senior taldeko jokalariak dira eta lehen garaipen honen ostean, liga irabazteko helburua dutela azaldu dute.
Noiz murgildu zineten waterpoloaren munduan?
Iraia: Ni Bidasoako klubeko igeriketa atalean hasi nintzen. Igeriketako entrenamenduak nire ordutegian txertatzea ezinezkoa zela ikusi nuenean waterpolo taldean sartzeko aukera eskaini zidaten eta jada 7 urte daramatzat bertan.
Paula: Ni duela 8 urte hasi nintzen waterpolora jolasten, nahiz eta Iraia bezala aurretik igeriketan ibiltzen nintzen.
Aurtengo denboraldian Euskal Herriko Kopa irabaztea espero zenuten?
Iraia: Egia da txapelketa hau irabazteko lan asko egin dugula aurretik. Finalerdia Askartza taldearen aurka jokatu genuen eta finalerako pasea lortu genuen. Finalean Eibarreko klubaren aurka jokatzea egokitu zitzaigun. Oso zirraragarria izan zen finaleko partidua, partiduaren zati gehienean bi klubak oso berdinduak ibili ginelako. Oso pozik gaude lortutakoarekin Euskal Herriko txapelketa irabaztea aspalditik gure helburua zelako.
Urtero Euskal Herriko Kopan parte hartzeko ohitura duzue?
Paula: Aurreko urteetan ere txapelketa jolasteko aukera izan dugu, nahiz eta orain arte finalera iristea ezinezkoa izan zaigun.
Nola lortu zenuten finaleko partiduan Eibarreko Urbat taldea garaitzea?
Iraia: Waterpoloa taldeko kirola da eta partiduetan taldearen funtzionamendua nolakoa den agerian gelditzen da. Gure kasuan, gure artean oso ondo eramaten garela nabaritzen da eta partidu zailetan egindako lanak fruituak ematen ditu askotan.
Zeintzuk dira zuen taldearen indarguneak?
Iraia: Aspalditik ezagutzen gara eta uretan gaudenean begiradarekin oso ondo ulertzen dugu elkar. Horrela, aurretik prestatutako jokaldiak noiz egin behar ditugun azkar adosten dugu. Era berean, taldekideren bat une txar batean dagoela ikusiz gero, gainontzekoak bera laguntzen saiatzen gara.
Erraza da aurretik prestatutako jokaldiak partiduetan aurrera ateratzea?
Paula: Ez, normalean partiduetan urduritasunak ondo kudeatzen ditugu. Entrenamenduetan jokaldiak asko errepikatzen ditugu partiduan errazago ateratzeko.
Nola ospatu zenuten garaipena?
Iraia: Irabazi bezain laister gure entrenatzailea uretara bota genuen. Ondoren, kopa jaso ostean, ez genuen ospakizun berezirik egin ,baina, beste egunean batean garaipena ospatzeko afari batean elkartzeko asmoa dugu.
Zeintzuk dira zuen hurrengo helburuak?
Paula: Liga irabaztea da gure hurrengo helburua. Horren ostean, taldea fasera joateko sailkatu nahiko genuke.
Une honetan sailkapenaren zein postutan aurkitzen zarete?
Iraia: Abendura arte bi multzotan banatuta egon gara eta, partidu guztiak irabazi ditugunez, sailkapeneko lehen taldea izatea lortu dugu. Kopa ondoren, bi sailkapenetako lehen hiru taldeekin multzo berrian sartu berri gara orain eta ikusteko dago nola ibiliko garen datozen hilabeteetan zehar.
Denborak aurrera egin ahala neska gehiago anima-tzen dira waterpolora jolastera?
Paula: Nire ustez orain waterpolora jolasten duten emakume gehiago daude, beraz, mutilen kopurutik geroz eta hurbilago gaude.
Eskualdean waterpoloarekiko zaletasuna dagoela antzematen duzue?
Iraia: Orain ez da hainbeste gertatzen, baina, lehen waterpoloa oso kirol ezezaguna zen. Hala ere, Gipuzkoan senior mailan Eibarrekoa da gure talde hurbilena eta horrek zer pentsatua ematen digu.
Paula: Gure klubaren kasuan, haur txiki asko daude eta urte batetik bestera gehiago gara kluba osatzen dugun jokalariak. Gu ez gara beti hor egongo, beraz, atzetik eskualdean kirol honi jarraipena emango dion jende berria etortzea espero dugu.
Elkarrizketaren bideo osoa Txingudi Onlinen ikusgai.