Eredu izan da, amaierara arte

Asier Zubiria Bidasoako atezain eta kapitainak eskubaloia utziko du

 

Ez da erraza izaten kirol ibilbide luze bati amaiera ematea. Momentu eta modu egokiena topatzea, bereziki, oso zail gerta daiteke. Zentzu horretan, Asier Zubiria (Usurbil, 1981) Bidasoa eskubaloi taldeko atezaina eta kapitaina lasai egoteko moduan dago. “Nire onena eman dudala uste dut. Asebeteta nagoela sentitzen dut”, baieztatu du, eta ez da gutxi. Hiru hilabete ditu azken partidez gozatzeko. Denboraldia amaituta, eskubaloi profesionala utziko du. 20 urte egin ditu guztira, horietatik 12, Bidasoan.

Rangel Luan atezaina fitxatu du Bidasoak otsailaren hasieran. Brasildar gaztea etorkizun handiko atezaina da, Xoan Ledo galiziarraren antzeko profila duena. Egoera horren aurrean, Asier Zubiria kapitainarengan jarri zuen jende askok arreta. Eskubaloian hiru atezain edukitzea ez baita egoera arrunta. Filtrazioak ere izan dira, zurrumurruak zabaldu dira, eta kapitainak prentsaurrekoa ematea erabaki du, bere erabakiaren berri emateko. “Dirudiena baino askoz arruntagoa da dena”, aurreratu du Zubiriak.

Iazko martxoan, duela urte bete, klubeko agintariekin bildu zenean, eskubaloia uzteko aukera planteatu zien. Klubak Xoan Ledo gailiziar gaztea fitxatzeko asmoa zuen, eta Zubiriari eskatu zion beste urte batez jarraitzeko, Ledoren maisu egoki izango zelakoan. “Onartu egin nuen, baina kontziente nintzen, seguruenik, nire azken denboraldia izango zela”. 2017/2018 sasoiko lehen itzulia pasata, behin-betiko erabakiaren berri eman zion Zubiriak klubari, Eguberrietan: “Nire asmoa zen denboraldi amaierara arte erabakia publiko ez egitea. Eta orduan, mezu sinple baten bidez agurtzea, oihartzun gehiago eman gabe”.

Rangel Luan atezaina fitxatzeko abagunea sortu zitzaienean, Zubiriari jakinarazi zioten klubeko agintariek. “Ondo iruditu zitzaidan, aukera ona da klubarentzat”, aitortu du Asier Zubiriak. Sortutako ez ohiko egoerak, ordea, bere erabakiaren berri emateko beharra aurreratu du. Baina erabakia hartua zegoen, baita ondo pentsatua ere: “Ondo hausnartutako erabakia da, prozesu natural baten ondorioa”.

“Ondo hausnartutako erabakia da, prozesu natural baten ondorioa”

Momentua topatu du

Asier Zubiriak azaldu du, askotan, ez dela erraza izaten halako erabakietarako momentua topatzea: “Batzuetan pentsatzen dugu halakok erabakia berandutxo hartu duela. Zentzu horretan, argi neukan nik neuk hartu nahi nuela erabakia, inguruko edo klubeko inork proposatzeko beharrik gabe”. Arlo fisikoan ondo dago, eta nahiago du sentsazio positibo horiekin amaitu. “Garrantzitsua da, gainera, etorkizunean ondoriorik ez edukitzeko”, nabarmendu du.

“Amaiera bikaina iruditu zitzaidan Bidasoa Asobal Ligan uztea”

20 urte zituenean, Asier Zubiriak ez zuen imajinatzen bizitzak nondik eramango zuen, eta kirol ibilbidea non amaituko zuen. 30 urterekin Bidasoara itzuli zenean, aldiz, balizko amaiera bat imajinatzen hasi zen, pixkanaka. “Ikusten nuen klubak Asobal Ligara itzultzeko ilusio hori zuela. Niri amaiera bikaina iruditu zitzaidan Bidasoa Asobal Ligan uztea”. Asier Zubiriak aitortu du beste inon baino gehiago inplikatu dela, azken proiektu horretan. 2013an Bidasoa Asobal Ligara itzuli zenean, helburu hura bete izanaren asetze handia sentitu zuen.

Bere etxea izan da Artaleku

Bi etapa eduki ditu Asier Zubiriak Bidasoan. Guztira hamabi urte egin ditu egungo kapitainak Artalekun. “Nire etxea izan da, eskubaloian”, onartu du. 1998an hasi zen lehen taldean, 90eko hamarkadako urrezko aroaren amaieran. “17 urte nituen, haurra nintzen, eta oraindik ere, garaiko taldekide batzuek horrela deitzen naute”, gogoratu du, irribarrez. 2003ra arte egon zen Bidasoan, eta ikaragarri ikasi zuela baieztatu du. Javier Barreto eta Gurutz Aginagalde atezain irundarrak eduki zituen alboan, besteak beste.

Gero zortzi urte eman zituen Espainiako estatuan zehar. “Valladolid izan zen lehen esperientzia etxetik kanpo. Oso aberasgarria izan zen, tituluak lortzeko lehian egon ginen, eta baten bat dastatzeko aukera izan nuen”. Alcobendasen, Cuencan eta Malagan ere aritu da Zubiria, eskubaloian. 30 urterekin, etxera, Bidasoara itzuli zen. “Baieztatu dezaket gipuzkoarrontzat luxua dela Bidasoan jokatu ahal izatea. Oso eskertuta nago alde horretatik. Hitzordu handietako Artalekuren irudia ez dut sekula ahaztuko”, erantsi du Zubiriak.

Gertukoen babesa eskertu du

“Eskubaloi munduan jende askok pentsatzen du irundarra naizela, Bidasoako harrobikoa”, kontatu du Zubiriak. Ez da deseroso sentitzen, baina bere jatorria azpimarratu du. “Ni usurbildarra naiz, Usurbil K.E.ko harrobikoa. Oso harro esaten dut hori”. Usurbilgo kuadrillakoei eskerrak eman dizkie, baita senideei ere: “Haiek gozatu eta sufritu dute gehien, nirekin”. Eskubaloia izan da Asier Zubiriaren bizitzaren erdigune, orain arte. Lizentziatua da, hala ere, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan. Hortik bideratu nahi luke orain bizitza. “Ate batzuk isten dira, beste batzuk irekitzeko. Esperientzia berriak bizitzeko gogoa daukat”, adierazi du Zubiriak.

Txalo zaparrada eta esker onak jaso ditu Asier Zubiriak prentsaurrekoaren amaieran. Gainera, taldekideek harrera egin diote, aretotik irtenda. Arrastoa utziko du usurbildarrak Bidasoan, baita eskubaloi munduan ere. Erreferente izan da urtetan, kantxan eta handik kanpo. Eta amaieran ere, irakaspena eman duela esan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude