Mobilizazio jendetsuak izan dira estatu osoan, baita Irunen ere
2018. urtea hastearekin batera, kalera atera dira pentsiodunak. Urteak daramatzate eros ahalmena galtzen, baina aurten eztanda egin dute. Pentsioen %0,25eko igoera eskasa dela salatzeko, manifestazioak antolatu dituzte estatu osoan, arrakasta handiarekin, gainera. Erantzun espontaneoak izan ziren hasieran, baina pixkanaka, aldarrikapena egituratuz doa. Eskualdean, Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua eratu dute. Sei mobilizazio burutu dituzte Irunen. Azkena otsailaren 22an, 2.000 lagun ingururekin, eguerdiko 12:00etan. Estatu osoko beste hainbat mobilizaziorekin bat egin du Irungoak.
San Juan plaza bete du jendeak, ospakizun handietako egunetan bezala. Oraingoan, ordea, jai girorik ez dago. Ehunka emakume eta gizon daude, erretirodunak, gehienak, pankartaren atzean protestan noiz abiatuko zain. Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak haien artean hizketan ari dira, Errenteriako manifestazioko parte hartze kopuruei buruz. “Oso pozik gaude, jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Gainera, badakigu estatu osoan mobilizazioak jarraipen handia izan duela”, onartu du Jokin Urangak: “9 milioi pentsiodun gara, sekulako indarra dugu egoerari buelta emateko. Ez dugu etsiko, irabazi arte”.
“Jendearen erantzuna oso ona izaten ari da”
Jokin Uranga
“Ezinbestekoa da egungo gobernuaren politikei aurre egitea, eta pentsioen sistema publikoa blindatzea”
Fernando Arozena
Gaur egungo pentsiodunek hartu dute mobilizatzeko ardura. Arazoa, alabaina, gizarte osoarena dela azpimarratu du Fernando Arozenak: “Oinarrizko eskubidea da erretiroa hartzerakoan pentsio duin bat edukitzea. Horretarako, ezinbestekoa da egungo gobernuaren politikei aurre egitea, eta pentsioen sistema publikoa blindatzea”. Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek nabarmendu dute Espainiako Gobernua pentsio pribatuak sustatzen ari dela, jakinda langile gehienek ez dutela horretarako ahalmenik. “Modu horretan, jende asko marjinazio sozialera bultzatzen ari dira”, nabarmendu du Arozenak.
Gutuna bidali diote Báñez ministroari
Sinatua duen Europako Karta Soziala bete dezan exijitu diote pentsiodunek gobernuari. Bertan azpimarratzen da pentsioak ezin direla pobreziaren mugaren azpitik egon. EAEn, 1.080 euroan dago. “Batez besteko pentsioa, 700 eurokoa da”, zehaztu du Jokin Urangak: “Nola bizi kopuru horrekin?”. Emakumeen egoera larriagoa da, are gehiago, alargunena. “Zuzenbideko herrialde demokratiko eta sozial guztiek nahitaez bermatu behar dute eskubide hori, eta bestetik, eraikitzea hainbeste kosta zitzaigun ongizate estatuaren oinarria ere izan behar du”, adierazi du Fernando Arozenak, manifestazioari ekin aurretik.
San Juan plazatik irten da manifestazioa, eta espaloitik egin du Gizarte Segurantzaren egoitzarainoko bidea, trafikoa ez oztopatzeko. Bertan, Fátima Báñez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroari gutuna bidali diote Txingudiko pentsiodunek. Nabarmendu, Irungo Udaleko talde politikoen babesa jaso duela mobilizazioak, PPrena izan ezik. Martxoaren 5ean egingo dute hurrengo mobilizazioa, eta sinadura bilketarekin jarraituko dute orduan. Ohar bat eman dute, gainera, argituz, Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua ez dela dirua biltzen ari. Baten bat horretan aritu baita, ekimenaren aitzakiarekin.