Bidasoa Folk jaialdiak nazioarteko musikaz beteko du Bidasoako eskualdea

XVIII. Bidasoa Folk jaialdia ospatuko da abuztuaren 17tik 19ra. Folk musika eta musika garaikidearen munduan erreferenteak diren musika taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Irun, Hondarribia eta Hendaian. Kontzertuak aire zabalean izango dira eta sarrera dohakoa izango da.

Los Sabadeños

Guztira, hiru izango dira Bidasoa Folk jaialdiaren XVIII. edizioan parte hartuko duten taldeak. Jaialdiak irauten duen hiru egunetan zehar, musika zaletuek doinu kanariar, marokoar eta irlandarrez gozatzeko aukera izango dute. Miguel Angel Paezek, Irungo udaleko ordezkariak, adierazi du, “hemezortzi urte daramatzagu balio kultural handia duen eta bestelako jaialdietan agertu ohi ez den musika estilo baten aldeko apustua egiten”.

“Los Sabadeños” taldea izango da jaialdiaren edizio berri honi hasiera emango dion taldea. Talde kanariarraren kontzertua abuztuaren 17an, ostiralean, izango da Hondarribiko Arma plazan, gaueko 21:30etan. Duela 50 urte baino gehiago sortutako talde hau 31 musikari eta abeslariz osaturik dago egun. Taldearen kontzertuetan folklore kanariarreko abestiak, egokitutako abestiak eta taldearen abesti propioak entzun daitezke.

Sharon Shannon

Jaialdiaren bigarren egunean, Sharon Shannon abeslariaren txanda izango da. Abeslari irlandarrak Irungo Urdanibia plazan arituko da abuztuaren 18an, larunbatean, gaueko 21:00etan. Bere emanaldietan artista akordeoia, biolina eta flauta bezalako instrumentuez baliatzen da kutsu irlandarreko doinuak sortzeko. Doinu irlandarrak, ordea, musika klasikoa, bretoia, reggaea edo hip hop musika estiloekin nahasten ditu artistak.

Abuztuaren 19an, igandean, “Dyaa Zniber & Group Patrimoine de la Musique Andalouse Marocaine” taldeak itxiera emango dio jaialdiari. Kontzertua Hendaiako Sokoburu plazan izango da eta arratsaldeko 20:30etan hasiko da. Talde marokoar honek, beste gauza batzuen artean, penintsularen okupazio musulmanaren garaian garatu zen musika estiloa berreskuratu du.

Dyaa Zniber & Group Patrimoine de la Musique Andalouse Marocaine

18 urte kalitatezko musikaz gozatzen

Aurtengo edizioarekin Bidasoa Folk jaialdiak 18 edizio ospatuko ditu. Jaialdia ospatu den urte guztietan badiaren kultura arteko izaera nabarmendu nahi izan da, mundu osoko musiken bitartez. Helburu hori lortzeko, eskualdeko udalek esfortzuak bateratzen dituzte nazioarteko mailako kalitatezko taldeak ekarri, hiritarrei dohaineko kontzertuak eskaini eta bisitariak erakartzeko agenda interesgarri bat eratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude