Arnasberritzeko ahaleginean dabil Betti Gotti

Udalekuetako begiraleak hautatzeko prozesu betean dago elkartea

 

Bilera irekia deitu zuen Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak urtarrilaren 26an, elkartearen egoera, helburuak eta jarduerak azaltzeko, eta kide berriak erakartzeko. Orain, kaptazio kanpaina betean dago elkartea, udalekuetarako begiraleak hautatzeko. Otsailaren 16an eta 17an egingo dute lehen fasea, talde elkarrizketa moduan.

Joxeja Zabalo elkarteko kideak onartu du elkartea momentu delikatuan dagoela. Udalekuetako begiraleak lortuko dituzte, horren inguruko zalantzarik ez du. Eguneroko lanean, ordea, bost lagun besterik ez dabiltza. “40 ere izan ginen garairik onenetan”, aitortu du: “Errelebo bat behar da, hori da sanoena edozein elkarterentzat. Bestela ez dago aurrera egiteko modurik”. Urtarrilaren 26ko bilerara, ordea, sei lagun besterik ez ziren hurbildu. Horietatik bik ondo ezagutzen dute Betti Gotti, nerabeentzako ekimenetan parte hartu izan dutelako. “Haien adinekoen artean interesa izan dezakeen beste baten bat egon daiteke, beharbada”, iradoki du Zabalok.

“Errelebo bat behar da, hori da sanoena edozein elkarterentzat”

Joxeja Zabalo, Betti Gottiko kidea

Bileran agertu ziren beste lauak, Irunen abiatze prozesuan dagoen beste euskara elkarte bateko kideak izan ziren. “Gurekin kontaktua egin nahi izan dute, ikusteko gu nola gauden, eta haien proiektua azalduz”, adierazi du Joxeja Zabalok. Ekimen horren balorazio baikorra egin du: “Ikusten dugu arduratuta daudela, gu bezala, euskararen egoerarekin, eta administrazioaren aldetik euskararen alde egiten denarekin. Kezka nagusiak berdinak dira. Bat egiten dute gure ekintzekin, baina haiek beste alde batetik joko dute”.

Euskarak hirian bizi duen egoerarekiko kezka nabarmendu du Betti Gottik, hain zuzen ere, azken kanpainan. Azken ikerketa soziolinguistikoen arabera erabilerak apur bat gora egin badu ere, gazteenen artean egoerak okerrera egin duela uste du Zabalok: “Joera handia dago beste hizkuntzetara jotzeko. Eta joera hori oso kutsakorra da. Gazteen aisialdiko iturriak erdal mundukoak dira”. Etorkizuna gazteen esku dagoela konbentzituta daude Betti Gottin, eta haiekin lanean jarraituko dute, beraz.

Hurrengo erronka, kaptazioa

Udalekuetarako begiraleen hautatze prozesuan murgilduta dago Betti Gotti. Otsailaren 16 eta 17an talde elkarrizketak egingo dituzte, izena eman duten gazteen artean. “Beste eskualdeetako jendea etortzen zaigu, eta hori oso aberatsa da, batez ere, euskalki ezberdinak ezagutzeko”, azaldu du Joxeja Zabalok. Elkarrizketa horietan aukeratutako lehen gazte multzoarekin, elkarbizitza irteera bat egingo dute gero, apirilaren 13tik 15era, Goizuetan. Hautatze prozesuaren parte izango da, eta bertatik aterako da begiraleen behin betiko taldea. Hemezortzi begirale inguru behar dituzte, Betti Gottiko kideak barne.

“Aurten esan dezakegu dagoeneko lanean ari garela, Herri Bazkaria antolatzeko”

Joxeja Zabalo, Betti Gottiko kidea

Udaran izango dira udalekuak. Baina lehenago, sanmartzialetako Herri Bazkaria antolatuko du Betti Gottik. “Iaz bertan behera geldituko ote zen zurrumurruak zabaldu ziren hirian. Aurten esan dezakegu dagoeneko lanean ari garela”. Denborarekin ari dira, sorpresa handi samar bat prestatzen ari direlako. “Urtetako lanketa izan da, aurten emaitza izan dezan espero dugu, oso goiz hasi garelako udalarekin biltzen”, aipatu du Joxeja Zabalok. Oraindik ezin izan du beste ezer aurreratu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude