Txingudiko Elkarte Feministak Berdintasun-Eszenak lana aurkeztuko du datorren larunbatean, azaroak 28, elkarteak sustatutako antzerki-tailerrean azken hilabeteotan egindako lana plazaratzeko. Ekimena azaroaren 25aren —Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren— harira elkarteak antolatutako jardueren egitarauaren barruan kokatzen da.
Tailerra irailean abiatu zen Patxi Pérez Giráldezen zuzendaritzapean, emakume zein gizonentzat zabalik dagoen topagune eta parte-hartze espazio gisa, antzerkiaren eta adierazpen artistikoaren bidez berdintasuna sustatzeko, hausnarketa eragiteko eta kultura gizarte-eraldaketarako tresna modura erabiltzeko.
Hilabeteetako sorkuntza-lanaren eta elkarrekin egindako saioen ondoren, prozesuari amaiera emango diote tailerrean prestatutako eszenak jendaurrean partekatuz. Proposamenak ikusezin geratzen den horren inguruan hausnartzera gonbidatzen duen lelo esanguratsua du ardatz: «Ikusten ez dena ez da izendatzen. Izendatzen ez dena ez da existitzen». Lan honen bidez, elkarteak arte eszenikoak sentsibilizazio-lanean txertatzearen aldeko apustua berretsi du, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren inguruan esperientziak partekatzeko eta taldean hausnartzeko guneak sortuz.
Aurkezpena azaroaren 28an, larunbata, izango da, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi-aretoan. Saioa herritar guztientzat irekia izango da, eta Txingudiko Elkarte Feministak bertaratzeko gonbidapena luzatu die herritar guztiei, topagune, hausnarketa eta adierazpen artistikorako espazio hau elkarrekin partekatzeko.



