Txingudiko Elkarte Feminista duela sei urte sortu zen Irunen, hiriko bizitza politikoan eta sozialean eragiteko helburu argiarekin. Olga Rivas presidenteak eta Pilar Gracenea idazkariak gogorarazi digutenez, elkartearen sorrerako asmoa berdintasunaren bidean urrats sendoak egitea eta emakumeen ahotsa erabakiguneetan entzunaraztea izan zen. Hasiera-hasieratik, elkartearen filosofia nagusia beste emakume batzuekin sareak jostearen garrantzian oinarritu da, indarrak batuta bakarrik lortu baitaiteke gizartearen eraldaketa sakona.
Sei urteko ibilbide honetan, elkartea zabaldu eta indartu egin da, eta gaur egun Irunen erreferente bihurtu diren hainbat proiektu kudeatzen ditu. Betiere ateak parez pare zabalik mantenduz, parte hartu nahi duten emakume guztientzat, beraien jatorria edo egoera zein den alde batera utzita.
Emakume Sarea Irun
Gaur egun elkarteak esku artean dituen egitasmoen artean, Emakume Sarea Irun izenekoa nabarmentzen da bereziki, azkenaldian indar handia hartu duen ekimena baita. Proiektu hau egoera zaurgarrian dauden pertsonei administrazio-izapideak egiten laguntzeaz gain, elkartean emakume etorkinek bestelako babes bat ere behar zutela konturatzerakoan sortu zen, eguneroko bizitzan aurrera egin ahal izateko. Pilar Graceneak azaldu duenez, emakume hauek sarritan isolatuta aurkitzen dira, hizkuntza oztopoak dituzte eta ez daukate sare sozialik inguruan. Horregatik, elkarteak laguntza emozionala eta praktikoa eskaintzen die, izan eskolako bileretara laguntzeko, izan hirian nola mugitu ikasteko edo, besterik gabe, kafe baten inguruan esperientziak partekatzeko. Helburua ez da soilik laguntza ematea, baizik eta emakume horiek sozializatzea eta Irunen beren bizitza berria eraikitzeko bideak erraztea.
“Bitxia eta itxaropentsua da ikustea nola hasieran laguntza eskatzera etorri ziren emakume asko gaur egun laguntzaile bihurtu diren, beste emakume batzuei babesa emanez”
Pilar Gracenea, Txingudiko Elkarte Feministako idazkaria
Zentzu honetan, albiste pozgarria jaso berri du elkarteak, orain gutxi onartutako dekretu bati esker elkarteen erregistroan onartuak izan baitira zaurgarritasun ziurtagiriak kudeatzeko. Horrek esan nahi du aurrerantzean Txingudiko Elkarte Feministak gaitasuna izango duela dokumentazio ofiziala aurkezteko eta administrazioaren aurrean emakume hauen egoera bideratzeko. Kutxa Fundazioak finantzatutako proiektu honetan Marión Le Röic Mendizabal da koordinatzailea, baina haren oinarri nagusia emakume boluntarioak dira. “Bitxia eta itxaropentsua da ikustea nola hasieran laguntza eskatzera etorri ziren emakume asko gaur egun laguntzaile bihurtu diren, beste emakume batzuei babesa emanez”, azaldu du Pilar Graceneak. Saretze horren ondorioz, emakume hispanoamerikarren elkarte propio bat sortzeko prozesuan murgilduta daude orain, ahalduntze kolektiboaren adibide argi gisa.
Bidean
Bidean izeneko programa da elkartearen beste apustu berri nagusietako bat, kasu honetan indarkeria matxista jasan duten emakumeei zuzendutakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, proiektu honek bigarren urtea bete du eta hainbat kolaboratzaileren ekarpena jasotzen du, Emma Larretarena, adibidez, Leire Valero arduradunaren laguntzarekin batera. Programa honen helburu nagusia emakumeen autoestimua berreskuratzea eta espazio seguruak eskaintzea da, indarkeriaren ziklotik atera ondoren beren burua berreraiki dezaten. Pilarrek eta Olgak azpimarratu dute proiektu honetan sortzen diren loturak oso indartsuak direla eta denboran irauten dutela. Emakumeen artean sortzen den ahizpatasuna funtsezkoa da prozesu terapeutikoan. Gainera, “elkartearen baitan proiektuen arteko zeharkakotasuna sustatzen dugu, indarkeria jasan duten emakumeak beste talde batzuetara, running taldera adibidez, bideratuz, kirolak ere asko laguntzen duelako osatze prozesuan”, gaineratu du Olga Rivasek.
Bestelako programak martxan
Kirola eta feminismoa uztartzen dituen running taldea da egun Txingudiko Elkartearen ekimenik jendetsuena eta arrakastatsuena. Hasieran hogei bat emakume elkartzea espero bazuten ere, gaur egun 130 emakumek osatzen dute taldea. Pilar Graceneak argi utzi nahi izan du proiektu honek ez duela lehiakortasuna bilatzen, baizik eta gozamena eta saretzea: “emakume askorentzat kirola egitea oztopo handia izan da urteetan, eta talde honek beldurrak eta mugak apurtzeko balio izan die”. Sandra Piñeiro formatzailearen eta Elena Serrano koordinatzailearen eskutik, astearte eta ostegunetan entrenatzen dute hiru mailatan banatuta. Runningaz gain, indar tailerrak eta osasunari zein nutrizioari buruzko saioak egiten dituzte, betiere ikuspegi feministatik. Laster Biarritzen egingo den errelebo maratoian parte hartuko dute 45 emakumerekin, hiriko kaleetan ikusgarritasuna lortuz eta kirola egiteko beste modu bat posible dela erakutsiz.
“Proiektu bakoitzak arduradun bat duen arren, elkarteak modu organikoan eta koordinatuan lan egiten du, kide bakoitzaren ekarpena baloratuz”
Olga Rivas, Txingudiko Elkarte Feministako lehendakaria
Kulturak ere badu bere lekua elkartearen programazioan, Antzerki Feminista tailerraren bitartez. Patxi Perezek zuzenduta, Paola Ormeño arduradunaren laguntzarekin, antzerkia tresna gisa erabiltzen dute berdintasun mezuak zabaltzeko. Iaz Asun Casasola lehiaketako ipuinetan oinarritutako irakurketa dramatizatuak egin bazituzten, aurten berdintasunaren inguruko eszenak prestatzen ari dira, gizon eta emakumeen arteko harremanak aztertzeko. Honekin batera, hezkuntza arloan ere lan garrantzitsua egiten dute pornografiaren eta praktika sexual onen inguruko tailerrekin. Hirugarren urtez, Irungo institutu publikoetako gazteekin elkarrizketak izaten dituzte Lahia 3.0 elkartearekin elkarlanean. “Helburua da nerabeei sexualitate osasuntsu eta errespetuzko baterako erremintak ematea, egungo kontsumo ereduek sortzen dituzten desparekotasunei eta biolentziei aurre egiteko”, azaldu du Olga Rivas lehendakariak.
Bestalde, Alardeari lotutako proiektu bat kudeatzen dute Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Alardearen inguruan jasandako indarkeria eta bazterketa emozionalki kudeatzeko. Espazio honek emakumeen arteko bizipenak partekatzeko eta sufritutakoa aitortzeko balio du, aldi berean egoeraren bilakaera aztertuz eta etorkizun baketsu baten aldeko hazia ereinez. Horretarako, elkarlanean aritzen dira Marietta, Thania eta Arantxa. Horretaz gain, urtero irailaren 23aren inguruan, emakumeen salerosketaren eta sexu-esplotazioaren aurkako performancea antolatzen dute. Ekitaldi hau oso berezia da elkartearentzat, iaz zendu zen Ana Perez kideak zuzentzen baitzuen. Gaur egun Marietta Vicentek, koordinatzen du ekimena, Lourdes Burgosen ardurapean, eta iaztik gizonak ere integratu dituzte performancean, gaitz sozial honen aurrean denon inplikazioa beharrezkoa dela adierazteko.
Amaitzeko, Olga Rivasek eta Pilar Graceneak azpimarratu dute elkartearen erronka nagusia giza eskubideen defentsa dela, beti ere ikuspegi feminista batetik. “Proiektu bakoitzak arduradun bat duen arren, elkarteak modu organikoan eta koordinatuan lan egiten du, kide bakoitzaren ekarpena baloratuz”, azaldu du Olga Rivasek. Etorkizunera begira, martxan dituzten egitasmoak egonkortzea eta hazten jarraitzea da asmoa, ikasitako bidetik abiatuta. Txingudiko Elkarte Feminista ez da elkarte soil bat, Irungo emakumeentzat babes sare bat da, elkarrekin indartsuagoak direla sinesten duten emakumeen topagunea. Berdintasunaren aldeko borrokan, proiektu bakoitza pauso bat gehiago da gizarte justuago baten bidean, eta elkarteak tinko jarraituko du bide hori urratzen, saretzea eta ahizpatasuna ardatz hartuta.



