Plaiaundiko ikasleek ilusioz eta elkartasunez beteriko bidalketa berezia prestatu dute

Abendua beti da izaera solidario nabarmeneko hilabetea. Gehien behar dutenei laguntzeko hilabetea da, jende guztiak gozatu ahal izan ditzan data berezi hauek. Plaiaundiko logistika eta garraioko goi-mailako graduko ikasleek beren aletxoa jarri dute dohaintzak edonora irits daitezen. Horretarako, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunderekin batera lan egin dute.

Abenduaren 19an, ikasturtearen lehen zatia itxi eta Gabonetako oporrei hasiera eman aurretik, Plaiaundiko instalakuntzetan proiektu honi amaiera emateko ekitaldia egin zen. Ekitaldian, zentroko ikasleez eta irakasleez gain, proiektuan parte hartu duten GKEetako eta garraio enpresetako ordezkariek parte hartu dute. Ikasleak lantaldetan banatu eta talde bakoitza Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin elkarlanean aritu da.

Aurtengo edizioan, Plaiaundiko ikasleek 4 GKErekin lan egin dute: Haurralde Fundazioa, Gipuzkoako Elikagai Bankua, Zaporeak eta Irungo Harrera Sarea. Proiektua logistika eta garraioko goi-mailako graduko bigarren mailako ikasleek garatu dute. Izan ere, ikasketa zentro bereko 1. mailako ikasleek antzeko proiektu bat egiten dute, baina haien kasuan simulazio bat izan da. Bigarren mailako ikasleek aldiz, ordura arte ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute. Beraz, behin gauzen bilketa eginda, gauzak garraiatzeko modua bilatu eta antolatu behar izan dute, klasean ikasitako guztia praktikan jarriz.

Maialen López Plaiaundi LHIIko zuzendariak proiektuan parte hartu duten alde guztiei ongietorria egin zien, zera esanez, “ohore bat izan da elkarrekin esperientzia hau partekatzea eta elkarrekin ikasteko aukera izatea”. Zuzendariak azaldu du proiektu honi esker ikaslegoaren artean elkartasun balioak sustatzen direla. Beraz, proiektura batu nahi izan diren enpresa eta GKEen parte hartzea funtsezkoa izan dela adierazi du, horiei esker ikasleek trebatzeko aukera izan baitute.

Plaiaundi LHIIko ikasle eta irakasleez gain, enpresa eta erakunde hauek ere proiektuaren parte izan dira: Aldapeta Maria ikastetxea, Dunboa HI, Bidasoa LH, Emaús, Eguzkitza HLHI, Garagune, Apolo logistica, NK, SJL, DSV, EPI Industries, Trans Natur, Sacytrans, XPOLogistics, Arcese, CBL, Moldtrans, BM, Hegalak, Salvat logística, STEF eta Eroski.

Elkartasunaren garraiolariak

Horrela, ikasle talde bakoitzak aukeratutako Gobernuz Kanpoko Erakundean nola lan egiten duten jakin dute lehenik. Gero, erakunde bakoitzaren beharrak ikusita, ikasleak bilketa solidarioak antolatzeaz arduratu dira. Haurralde Fundazioarekin lan egin duen ikasle taldeak jostailu bilketa bat antolatu zuen. Zaporeak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin elkarlanean aritu direnek, berriz, elikagaiak jaso dituzte. Azkenik, Irungo Harrera Sarearekin harremana izan dutenek, migratzaileentzako arropa bildu dute.

Josune Urrusolo logistika eta garraioko goi-mailako graduko irakasle arduradunak azaldu du Plaiaundin orain dela 4 urte hasi zutela erronka hau eta “egitasmoa pixkanaka indartzen joan dela ikusi dugu”. Plaiaundin ikasleen jarrera lantzen ahalegintzen direla azaldu du, horrelako gaien inguruan ikasleak kontzientziatuz. “Horrelako proiektuek gure ikasleez harro egotea eragiten digute, lanean eta inplikatzen ikusi ditugulako”, gaineratu du Josune Urrusolok.

“Ohore bat izan da elkarrekin esperientzia hau partekatzea eta elkarrekin ikasteko aukera izatea”

Maialen López, Plaiaundi LHIIko zuzendaria

Ekitaldian ikasleak izan ziren protagonistak, bere hitzekin proiektua nola gauzatu duten azaltzeko. Lehen ikasle taldeak Zaporeak elkartearekin lan egin du eta 248 produktu jaso dituzte Lesbosera bidaltzeko. Gainera, ikasleek zentroko Nahikari irakaslearen esperientzia izan dute lagun, GKEarekin batera Greziako uhartean boluntario gisa hilabete bat eman baitzuen. Bigarren taldekoek Haurralde Fundazioarentzako 136 jostailu bildu dituzte eta 11 kutxetan banatu dituzte. Hirugarrenek, berriz, Irungo Harrera Sarearen eskutik hiritik igarotzen diren migratzaileen drama gertutik ezagutu dute eta herritar saretik neguko arropa eta mugikorrak lortzeko egindako eskaria erantzuten saiatu dira, 243 arropa eta neguko osagarri jasoz. Azken taldeak, aldiz, Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzako  473 produktu jaso ditu.

Erronkaren alde praktikoa

Erronka solidarioaren barruan lankidetzan jardun duten GKEetako ordezkariek ikasleen inplikazioa eskertu dute. Haurralde Fundazioko ordezkaria oso eskertua agertu da jostailu bilketa hau Plaiaundirekin batera egiteko aukerarengatik. Era bereain, proiektuaren sentsibilizazio alderdia azpimarratu du. Zaporeak GKEko ordezkariak azaldu duenez, Zaporeak ekimenak urtero 6 edukiontzi bidaltzen ditu elikagaiez beterik. Alde horretatik, Zaporeak proiektua garatu duten ikasleek lorpen bikoitza erdietsi dute. Erakundearen lanaren berri ostean, Zaporeak GKEarentzako garraio tarifa berriak bilatzeko inplikatu dira taldeko kideak, garraio kostuak murriztu ahal izateko. Horrela, erronkan parte hartu duten garraio enpresei tarifa egokituak eskatu zaizkie eta jada ikasleek tarifa hobeak lortu dituzte. Josune Urrusolo irakasleak azaldu duenez, ekitaldia egin eta datozen egunetan akordio hori guztiz itxiko da, lehenbailehen Zaporeak ekimenak bere eskuetan tarifa berriak izan ditzan.

“Horrelako proiektuek gure ikasleez harro egotea eragiten digute, lanean eta inplikatzen ikusi ditugulako”

Josune Urrusolo, Plaiaundiko irakaslea

Josune Urrusolok logistika eta garraioko goi-mailako graduko ikasketen eskaera handia azpimarratu du, “ikasle gehiago izan nahiko genituzke, sektoreko eskaerari erantzun ahal izateko”. Horrela, behin beraien prestakuntza amaituta, horrelako kasu praktikoei esker ikasleek jada oinarrizko esperientzia bat bereganatua izango dute.

Josune Urrusolok eskualdeko garraio enpresa sarearen garrantzia azpimarratzen itxi du ekitaldia. Izan ere, irakaslearen ustetan oso garrantzitsua da ikasle hauentzat Irunen garraio enpresa handi zein txikiak izatea, horrela, beren etorkizunean etxetik gertu lana aurkitzeko aukera gehiago izango dituztelako. Era berean, irakasleak gaineratu duenez, “klasera etortzen naizen egun guztietan harro nago Plaiaundira etortzeaz”. Plaiaundi erreferentea da arlo honetako ikasleen prestakuntzan eta horrelako proiektuei esker prestakuntza are osatuagoarekin amaituko dute ikasleek, arlo profesionalean zein pertsonalagoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude