Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-protokolo berezia prestatu dute Gabonetarako

Eguberrietan, jarduera ugari antolatzen dira, eta horrek kalean ohi baino pertsona eta ibilgailu gehiago ibiltzea eragiten du. Egoera hori ondo kudeatzeko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza-protokolo berezi bat prestatu dute. Horrela, polizia gehiago ibiliko dira kaleetan, eta prebentziozko kontrolak egingo dira, herritarren segurtasuna bermatzeko eta zirkulazioaren antolaketa errazteko.

Sergio Javierrek, Udaltzaingoko ordezkariak adierazi duenez, Eguberrietan, irundarrak kalera irteten dira, gozatzeko prest.  Gainera, kanpoko bisitariak ere hirira etortzen zaizkigu eta, ondorioz, handitu egiten dira autoen eta pertsonen pilaketak.  “Egoera hori ikusita, eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean aritu dira, herritarrak hobeto babesteko”, erantsi du Udaltziangoko ordezkariak.

Oinezko patruilez gain, udaltzainek trafikoko kontrolak egingo dituzte, jendeak alkohola edan edo drogak hartu ondoren autoa har ez dezan, batik bat Gabon gaueko eta Urte Zahar gaueko ordu txikietan. Urte amaiera honetan, alkoholemia-kontrol gehiago egitea da asmoa, ikusi baita gora egiten ari direla edan eta gero gidatzen dutenen kasuak.

Petardoak

Gainera, gogorarazi behar da bide publikoan ezin direla petardoak eta bengalak erabili, ez eta edozein objektu proiektatzen duen beste edozein gailu ere, gizalegez jokatzeari buruzko ordenantzak debekatzen baitu. Horrelakorik eginez gero, agenteek arau-hauslea identifikatuko dute eta elementu pirotekniko guztiak konfiskatuko dizkiote. Bide publikoan bertan eztandarazitakoez gain, etxeetatik kalera horrelako gailurik jaurtitzen ez dela ere zainduko dute, hori ere arau-haustea baita, segurtasuneko araudiaren arabera.

Udaltzaingoaren ordezkariak adierazi duenez gozamena bateragarria da bizikidetzarekin eta besteak errespetatzearekin. “Jaiak disfrutatzeko dira, baina gainerakoak ere kontuan izan behar ditugu; azken batean, elkarrekin bizi gara. Horrenbestez, udal-ordenantzek agindutakoa zorrotz betetzeko deia egiten dugu, baita poliziek ematen dizkiguten jarraibideen arabera jokatzekoa ere, seguruago ibiltzeko errepidean, bide publikoan eta etxeetan”, erantsi du Sergio Javierrek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude