Irungo bizikidetzaren eta segurtasunaren aldeko ituna aurkeztu dute gaur goizean

José Antonio Santano alkateak, udaleko talde politiko guztietako bozeramaileek, Miguel Ángel Páez (Socialistas de Irun), David Nuño (Elkarrekin podemos-Ezker Anitza-IU), Xabier Iridoy (Irungo EAJ-PNV), Jokin Melida (Irun EH Bildu) eta Iñigo Manrique (Grupo Popular) eta Cristina Laborda Herritarren Segurtasuneko ordezkariak Irungo bizikidetzaren eta segurtasunaren aldeko ituna aurkeztu dute gaur goizean.

Ekimenaren helburua da, politikoki aho batez erabakita eta elkarte-sareak parte hartuta, gizarte-giroa hobetzen lagunduko duten ekintza prebentibo, polizial eta judizialak garatzea, uste baita hiriek segurtasun-, askatasun- eta ongizate-eremuak izan behar dutela.

Bizikidetza eta segurtasuna funtsezko eskubideak dira, eta baita ezinbesteko baldintza ere hirian gutxieneko bizi-kalitatea bermatzeko. Ez da polizia-arazoa soilik; izan ere, zeharkako politika sozialak ere behar dira, kausak aztertu eta zerbitzu publikoen jarduera integrala artikulatzeko.

Ulertu behar da botere publikoek herritarren laguntzarekin garatzen duten ekintza integratu bat dela herritarren segurtasuna, bakean bizi daitezen ziurtatzeko, indarkeria desagerrarazteko, bide eta espazio publikoak bakean eta taxuz erabiltzeko eta, oro har, pertsonen eta haien ondasunen aurkako delituak eta hutsak saihesteko.  Testuinguru horretan, segurtasuna sortzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu behar dute herritarrek, eta, beraz, konprometitu eta parte hartu behar dute udalak sustatzen dituen herritarren segurtasunerako politikak prestatzerakoan.

Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Itun honek konpromiso bat dakarkie alderdi politiko sinatzaileei, eta konpromiso  horren esparruan, bizikidetzaren eta segurtasunaren arloan jarduteko esparru bat eta gure hirian bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko kontuan hartu beharreko lehentasun batzuk eta printzipio komun batzuk zehaztu eta adostu beharko dituzte.

Horretarako, talka-plan bat proposatzen da, neurri hauek dituena:

  • Poliziak lehentasunezko eremuetan jarduteko plana egitea, delitu-datuen bilketa kontuan hartuta.
  • Hobetzeko esku-hartze espezifikoak behar dituzten hiriko eremu eta/edo auzoak aztertzea eta esku hartzeko proposamenak egitea.
  • Auzo-elkartearen, auzoko gainerako eragileen eta udal-arduradunen artean topaketak eta lan iraunkorrak egiteko foroak sortzea.
  •  “Segurtasun eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkor” bat sortzea.
  • Udaltzaingoa berrantolatzea eta prestatzea
  • Berrerortze-kasuetan epaileekin harremanetan jartzeko bide bat irekitzea, zigorgabetasuna saihesteko.

Gainera, neurri orokor batzuk daude, honako hauek ardatz hartuta:

  • Hiria hobetzeko eta gizartea kohesionatzeko ekintzak
  • Polizia-ekintzak
  • Ekintza espezifikoak
  • Esparru judizialarekin lotutako ekintzak

Udaleko talde politiko guztiek esparru bat, printzipio batzuk, lehentasun batzuk adostu dituzte. Urtebeteko epean, 2023-2027 aldirako Bizikidetza eta Segurtasun Plan Estrategiko baterako oinarriak prestatuko dira, herritarren parte-hartzea kontuan hartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude