Irungo Udaltzaingoak dozena bat udaltzain laguntzaile izango ditu, 2022ra bitartean

Irungo Udaltzaingoak jakinarazi duenez, dozena bat udaltzain laguntzaile izango ditu, udal lantaldea sendotzeko. “Laguntzaile figura berria da Irungo Udaltzaingoaren barruan, eta, gure ustez, oso baliagarria izan daiteke herritarrei zerbitzu egiteko. Udaltzainei beren egitekoak betetzen lagunduko diete, hala nola trafikoa, udal ordenantzak eta datozen hilabeteetan hirian antolatzen diren ekitaldiak kontrolatzen”, azaldu du Cristina Laborda ordezkariak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian trebatu dira hamabi laguntzaileak, eta haien kontratuak ekainaren 7tik 2022ko urtarrilaren 9ra bitartean iraungo du. Denboraldi horren barruan, lehenengo bi asteetan, prestakuntza emango zaie; besteak beste, Irungo udal ordenantzetan sakontzeko eta hiriko kale izendegia sakon errepasatzeko.

Behin udaltzainei laguntzen hasita, besteak beste, udal gizalege ordenantzak, animaliak babesteko udal ordenantzak, mahai hankabakarrak eta terrazak jartzekoak, udal zirkulazio ordenantzak… betetzen direla kontrolatuko dute. Era berean, beharrezkoa denean, Udaltzaingoak antolatzen dituen trafiko operazioetan lagunduko dute.

Aipatzekoa da datozen hilabeteetan pandemiaren ondorioz bertan behera geratutako ekitaldiei berriro heldu eta haiek antolatzen ere lagundu dezaketela. “Hiriko entitate eta elkarteek askotan behar izaten dute Udaltzaingoaren laguntza beren jarduerak aurrera eramateko, eta laguntzaile figurak horrelakoetan zerbitzu hobea ematen lagunduko digu”, azpimarratu du Cristina Labordak.

Laguntzaileek udaltzain uniformea eramango dute soinean, inongo enblema edo bereizgarririk gabe, agenteen berezko elementuekin, eta, une oro, laguntzaileak direla adieraziko da, gaiari buruzko araudiarekin bat etorriz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude