1921eko ekainaren 26an argitaratutako El Bidasoa aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkariaren 304. zenbakia “San-Juan Arri” artikuluarekin hasten da. Lehen artikulu horretan E. R. kolaboratzaileak, San Juan plazaren izen aldaketa gaitzesteaz gainera, San Juan Eguneko hiriko ohiturak gogoratzen ditu. Jarraian, “Varias preguntas” izeneko atalean galdera laburren bitartez Irunen hobetzeko dauden kontuak salatzen dira. Yole olerkariak bere atalean maitasunak eragindako minaz hitz egiten du. Arkalek aldizkariaren aurreko zenbakietan argitaratutako istorioen atalei jarraipena ematen die ekaineko azken alean, Eusebiaren abenturen hirugarren atalarekin. Orrialdeko azken lerroetan Enrique Borredá eta lagun talde batek esku artean proiektu garrantzitsu bat dutela kontatzen da, ustez etorkizunean aberastasun handia ekarriko diena.
Bigarren orrialdearen hasieran Alardeko Jeneralaren eginkizunez eta alardearen barnean dauzkan ardurez hitz egiten duen idatzia irakur daiteke. Hurrengo artikuluan, Irunek kirol zelai berri bat behar duela salatzen du “Un deportista” izenordearekin sinatzen duen kolaboratzaileak. Ondoren, Bilbon egindako Aduanako Agenteen bilera aipatzen da. Udal bilkurako erabakiak laburbiltzen ditu “Notas Municipales” atalak eta segidan aldizkariko irakurleei problema matematiko baten ebazpena asmatzeko erronka luzatze zaie.
“Ecos de sociedad” atalak Irungo biztanle aberats eta ezagunen bizitzen nobedadeak errepasatzen ditu. Kirol kronikan, aldiz, gai ugari biltzen dira: Irungo futbol txapelketaren emaitzak, San Pedro Eguneko kirol ekitaldiak eta Amuteko hurrengo partiduaren xehetasunak. Azkenik, “Noticias” atalean albiste laburren sorta bat argitaratzen da gaurkotasun handiko gaiak lantzeko. Ohiko moduan aldizkaria hiriko zerbitzu eta saltokien iragarkiekin osatutako orrialdearekin amaitzen da.