1919ko ekainaren 8an argitaratutako “El Bidasoa” astekarian biltzen diren albisteek garai hartako egoera eta egun hirian pilpilean dauden gaien arteko antzekotasuna erakusten dute. Hain zuzen ere, hauteskundeen osteko egoeraren errepasoa egiten da, non astekariak aurreko zenbakietan babestutako Azqueta hautagaiak espero heineko botoak lortu ez zituen. Hortaz gain, C.P inizialekin sinatutako artikuluan “Anotaciones de un chismoso” atalaren barnean hauteskundeetako emaitzen balorazioa egiten da.
“Ni las flores” tituluarekin garai hartako haurrek jasotzen duten geroz eta heziketa kaxkarragoa salatzen duen iritzi-artikulua irakur daiteke. Atalaren tituluak aurreratzen duenez, “De todo un poco” atalean hurrengo hauteskundeei begira hiritarrekin osatu nahi den partidu berriaz edo Alardearen ibilbideak izango dituen aldaketak laburbiltzen dira albiste laburren bitartez. Astekariko kolaboratzaile ohikoa den “RE-LA-MI-DO”-k Bandaren osaketaz eta konpromisoez hitz egiten du zenbaki honetan.
Kirol kronikaren barnean, “Futbolerias” azpi-atalean, Irungo Txapelketa da hizketa gai nagusia. Ostean, Real Union klubaren hurrengo partiduaren zehaztasunak aipatzen dira. Gainera, San Martzialetako jaien harira, San Pedro Krosaren inguruan hitz egiten da ere.
“De la vida local” tituluarekin, Alardeko konpainiek “Konpainia Onenaren saria” eskuratzeko gauean burutzen ari dituzten entseguei aipamen bereziei egiten zaie, jaietako programa osatuko duten ekintzak laburbiltzeaz gainera. “Hace unos años …” atalean 1883 urteko astekarian argitaratutako albisteen errepasoa egiten da. Zenbaki honetan artikulu berezi bat eskaintzen zaio Endarlazan fusilatutako karabineroak oroitarazteko antolatzen den mezari.
Azkenik, Irungo antzokietako eta Lorea-Bidea pilotalekuko hurrengo partiduetako egitarauak errepasatzen dira. “Ecos de sociedad” atalean, beti bezala, hiriko goi klaseetako biztanleen bizitzetako gorabeherei tartea eskaintzen zaie, publizitate orri osoarekin El Bidasoa astekariaren zenbaki berri bat itxi aurretik.