Udaran zehar Irunen euskara ikasteko aukera ugari

Udako hilabeteetan zehar, oporraldi garaia aprobetxatuz, Irungo Euskaltegiek euskara ikasi eta hizkuntza-maila hobetzeko hainbat ikastaro eskainiko dituzte.

Udal Euskaltegia
Urdanibia plazan kokatutako Udal Euskaltegiak uztaila eta abuztuko hilabeteetan zehar ikastaro trinkoak eskainiko ditu 16 urtetik gorako pertsonentzat. Euskalduntze maila guztietarako ikastaroak eskainiko dira, HABEko B1, B2 eta C1 mailetako azterketa ofizialen prestaketara bideratutako ikastaro berezituez gain. Gainera, LANNAHI porgramaren barruan, langabezi egoeran dauden pertsonek aipatutako ikastaro trinkoak doan jasotzeko aukera izango dute.

Uztaileko ikastaroak uztailaren 2tik 30era goizeko 9:00etatik 13:15etara egingo dira. Abuztukoak, berriz, abuztuaren 2tik 30era, uztaileko ordutegi berdinarekin. Ikastaroen prezioa 69,40 eurotakoa izango da, baina asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek matrikularen prezioaren %100 bueltan jasotzeko aukera izango dute.

Ohiko matrikulazioa Udal Euskaltegiko bulegoan egin beharko da ekainaren 3tik 11era, bulego ordutegian: Goizeko 10:30etatik 13:30etara eta 16:30etatik 19:00etara. LANNAHI programan izen eman nahi dutenek, berriz, HAZ24H zerbitzuaren bitartez gauzatu beharko dute izen ematea www.irun.org webgunean Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatuz. Izen ematearen ostean mailaketa proba egitea beharrezkoa da.

Irungo AEK
Irungo AEK euskaltegiak ere A1 eta C1 mailen arteko ikastaro guztiak eskainiko ditu udako hilabeteetan zehar 80 orduko iraupenarekin. Ikastaro horien prezioa 136 eurotakoa izango da eta klase egunak astelehenetik ostiralera izango dira, goizeko 9:00etatik 13:00ak arte.
Bestetik, Autoikaskuntza izeneko programaren bitartez, ikasleek etxetik euskara ikasi eta praktikatzeko aukera izango dute. Autoikaskuntza programak uztailetik irailera bitarteko iraupena izango du eta astean behin tutoretzetara hurbiltzeko aukera eskainiko die ikasleei. Ikastaro mota honek 267 eurotako prezioa du.

AEK euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetarako matrikulazio epea zabalik dago jada eta ekainaren 27ra arte egongo da zabalik. Matrikulazioa Irungo AEK euskaltegiaren egoitzan bertan formalizatu daiteke, irun@aek.eus posta-elektronikora idatziz, 943628834 telefono zenbakira deituz eta 688746633 zenbakian WhatsApp bitartez.

Herri Jakintza
Nafarroa Hiribideko 13 zenbakian kokaturik Herri Jakintza euskaltegiak maila guztietarako ikastaroak eskaintzen ditu (euskalduntzea, alfabetatzeaz, EGA, …), 16 urtetik beherakoentzako eskolekin batera. Informazio gehiago euskaltegian bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude