Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G57689: Genaro Echeandia plazaren inguruan, orduan Merkatuaren plaza zena, eta Colón pasealekuaren hasiera. Bertan Echeandia etxea, Elgorriaga kafetegia, Palace hotela, … ikusi daitezke. Argazkia 1919 urtearen aurretik atera zen.

1921. urtean argitaratutako aldizkariek orain dela 100 urte hiriak bizi zuen errealitatea irudikatzen dute, albiste, kronika edo hiritarrek idatzitako gutunen bitartez. Zehazki, 1921eko martxoaren 20an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkarian “En bien de todos” titulua daraman idatziarekin hasten da, gaueko ordenaren betekizuna orain gobernuko poliziaren esku dagoela azaltzen da, aurretik gauzainen esku zegoena. Jarraian, “Ensayos poéticos” atalean hildako neskato bati zuzendutako olerkiak biltzen dira. Justinianok ideologia ezberdinen inguruko gogoeta plazaratzen du zenbaki honetan. “Del Misisipi al Bidasoa, la alegría de un regreso” testuan elkarrizketa formatuan Californiako bizipenak laburbiltzen ditu Jack-ek.

G38586: Artalekuko gainetik ateratako argazkia, irudian Pasiotarren elizako kupula, Aduanaren eta Trenbideko Langileen Elkartearen egoitzak ikusten direlarik.

Kirol kronikan, futbolarekin loturiko hainbat albiste laburbiltzen dira, horien artean, Real Unionen entrenamenduak edo Bartzelonako futbol taldeak Espainiako Txapelketako final-aurrekoan parte hartuko ez duela jakinarazten da. Ostean, martxoaren 13an Irunen San Leandro omentzeko egiten den ospakizunaren inguruan hitz egiten da, urteko egun seinalatu horretan egin ohi diren gauzak gogoratuz. Yole-k El Bidasoa aldizkariko zuzendariari bidalitako gutuna publikatzen da, idazleak aldizkariaren aurreko zenbakietan argitaratu dituen artikuluetatik abiatuta bere izaera eta pentsamenduak gaizki ulertuak izan direla azaltzeko.

G57839: Santiagoko ontziralekua, mugazainen kuartela eta inguruko eraikinak ikusten direlarik, Hendaiatik ateratako irudi batean. Argazkia 1923. urtearen aurretik atera zen.

Hirugarren orrialdearen hasieran, “Irún por dentro” izenburu azpian tren geltoki inguruko auzoa nola eraiki zen azaltzen du Juan de Uranzuk eta auzoaren hazkundea baldintzatu zuten faktore ezberdinak zerrendatzen ditu. Ondoren, artikulu labur batean Florencio Echevarriaren heriotzaz hitz egiten da, bere ekarpena gogoratuz. “El reporter” izenordearekin sinatzen duen kolaboratzaileak aurreko zenbaki baterako Bienabek idatzitako artikuluari erantzuten dio, zinegotziari bere zereginetan zentratu dadila eskatuz. Azkenik, aldizkaria amaitu aurretik, beti bezala, “Ecos de Sociedad” eta berri laburrak biltzen dituen “Noticias” atalak irakur daitezke.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude