
“El Bidasoa” aldizkariak orain del 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak islatzen ditu. 1922ko irailaren 24an argitaratutako aldizkariaren hasieran eskerrak ematen dira aurreko aldizkari batean egindako salaketari jaramon egin eta udalak kinka larri bat garaiz konpondu izanagatik. Titok Lanaldiko Ministroak Irunera egindako bisitaren nondik norakoak kontatzen ditu, txipiroiak jan zituela eta guzti. E.R. kolaboratzaileak aurreko ostegunean Irunen Kordobako legionario taldeak eskainitako kontzertuaz hitz egiten du. “Puntadas” izenpean jokalari euskaldunak etxerako bidean daudela azaltzen da, Ameriketako txapelketa galdu ondoren. Jarraian, Gipuzkoako Arkitektoen Eskolatik igorritako zuzenketa argitaratzen da, Irungo Kirol Zelaiaren eraikuntzaz arduratzekoa zen Angel Angoso irundarrak arkitekto titulurik ez duela argitzeko. “Eztropada” olerkian, berriz, estropadetan traineruen arteko lehia nolakoa den azaltzen da.

“Miscelánea Deportiva” atalak, berriz, momentuko kirol gaurkotasuna errepasatzen du. Bertan, Donostiako estropaden emaitzak aipatzeaz gain, Pasaiako traineruaren deskalifikazioaren azalpena eta futbolarekin lotutako azken albisteak biltzen dira. Ondoren, udal arkitektoaren deskarguaren arrazoiak azaltzen dira, egiteko dauden konponketa lanen zerrendarekin batera. “Notas Municipales” atalak azken udal bilkurako erabakiak biltzen ditu. Orrialde amaieran Irungo pilota partiduetako arautegi berrituaren berri ematen da.

Hirugarren orrialdearen hasieran Saenz eta Oraá senar-emazteen ezkontza jakinarazten da, era askotariko xehetasunak emanez. “Por ahí” atalean Idealok hainbat berri labur argitaratzen ditu eta hainbat gai aipatzen dira bertan: alokairuko etxe batzuen baldintza txarrak, Kirol Zelaiaren kokapena eta txirrindularitza pista bat sortzeko beharra. Guillermo Martínez maisua aldizkariaren aurreko zenbakiko idatzi batean oinarritzen da hiriko irakasleek haur eta gazteen heziketan ahal bezain beste egiten dutela azaltzeko. Aldizkaria, “Noticias” izeneko berri laburren atalarekin amaitzen da.